2023-03-24

Kolitzapetik 15


"BeHIak" logotipoan.
Bizkaiko Hitza. 2023/03/24

Udaberria egutegitik aparte irakurtzen dugu naturak eskaintzen dizkigun txioekin. Sanjose loreak aitaren eguna heldu baino lehen agertzen zaizkigu. Dagoeneko altxatu dira peoniak, nartzisoak, idi-bihotzak, txiribitak, erromeroa eta txikori belarrak, oraindik putz egiteko prest ez badaude ere.

Baita hain loriatsuak ez direnak ere: ereinotza, urkia, hurritza, sahatsa edo bihotzik gabeko haltza. Agertu dira kimuak eta ernamuinak. Bagaude liztor asiatikoaren kabiaren zain, geruzaz geruza ea bonbillaren itxurarekin harrapatzen dudan ala lanpararenarekin. Bitartean, sukaldeko leihoaren goiko ertzeko amaraunean harrapatuta geratu den zomorroa lekuko isila bilakatu da.

Autoak hautsez betetzen dituen polenak gero eta hedatuagoa dagoen udaberria iragartzen digu: alergiak zein beste albo ondorio batzuk berpizten dituen hauts berbera. Egunsentian eta ilunabarrean pizten dira koloreak, eguzkiaren izpiek altuera egokia hartzen dutenean.

Prezisio matematiko berberarekin heltzen dira eskolarako matrikulazio garaiak, gero eta arinago hasten dira publizitate kanpainak, etengabe askatzen dira mezu ezkutuak eta aho biko esaldiak, eguneroko marketinak zirrikitu eta arrakalak profitatzen baititu.

Balmasedako, Zallako eta Karrantzako institutuetan ibili naiz lanean, 1994an hasi nuen ibilbide profesionalean. Duela 25 urte, Balmasedako institutuaren garrantzia aldarrikatzeko artikulu bat idatzi nuen, Karrantzakoan egon nintzenean idatzi genuena udaletxera eraman genuen, eta kostatu zena defendatu behar zutela eskatu genien. Eraikin berri bat lortu genuen, txikia baina gertukoa eta errealitateari lotua. Zallakoan, jantoki arduradun bezala oso urte berezia eta ordainezina bizi nuen.

Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen liburuan institutu guztiak (BHI) bilakatu nituen behi, kasu zehatzetatik burutazioak orokortzeko.

Guztietan defendatu dut badaudela ondo egiten diren gauzak eremu publikotik. Baita ondo egiten dena publikoagoa egiteko beharra dagoela ere. Plazaratzeko estrategiak garatu behar direla, bakoitzak bere esparruan dituen baliabideak musutruk erabiltzeko. Badakit ez dela eraginkorra une honetan azken orduko propaganda egiteko iragartzen dena.

Herrigintza ulertzeko modu bat izan behar da hezkuntza publikoa, batez ere, Lanbide Heziketan erakunde publikorik gabe bizi den eskualde bakarrean: Enkarterrin. Hezkuntza publikoaren eskaintzak finkatzen ditu gazteak herrietan eta eskualdean. Horiek babestuz, herri langile, xehea eta duina aldarrikatuko dugu elkar zaintzeko amarauna osatuz, bai Enkarterrin bertan geratzen denarentzat bai etorkizunean ateratzeko aukera hartzen duenarentzat ere. Bertan geratzeko etorri direnekin loturak indartuz.

30 urte hauetan guztietan joera irauliz, etorkizunari ateak irekiko dizkion logotipoan BeHia agertu beharko da ezinbestean!