2020-06-24

Barnerako egunak


Enkarfruta

Juantxu harategia

Ulanga arraindegia

Josuren despentsa.




Berrogeialdiko erosketen eta sukaldeko jardunaren kronika grafikoa ikusgai egongo dira Zallako lau dendatan


Koadernotik erakusleihoetara egin dute salto Gorka Belaskoren marrazkiek


Bapatekoa eta gordina da marrazkilari eta irakasle honek paratu duen ekimena, zuzenean orritik kristalera, ikuslearen gozamenerako




Zallako lau dendetako erakusleiho izango dira Gorka Belaskoren marrazkiak jasoko dituztenak ekainaren 26etik aurrerantz, kalera begira jarriko duten erakusketa berezi batean Arte Bizkarra Kulturgintzaren eskutik.

Berrogeialdiak iraun duen bitartean Ulanga arraindegia, Juantxu harategia, Enkarfruta eta Josuren despentsa izan dira Belaskoren ohiko ibilbidea hornitzeko. Guztietatik pasatu da koadernoa eskuetan zuela eta marrazteari ekin dio zain egon den bitartean segurtasun neurriengatik sortzen ziren iladetan. Gertuko eta ohiko saltzaileei erositakoak beste bizitza bat hartzen zuen protagonista bilakatuta sukaldera heltzerakoan. Bertan modelo ezinhobeak bilakatu dira arrainak, haragiak, frutak, ogiak eta bestelakoak, jaki xumeena sabelerako zein begietarako kutixia bilakatuta.

Erakusketa freskoa eta gordina da Artzentalesko marrazkilari eta irakasle honena, aldez aurretik prestatuta ez zegoena, halaber, marrazkiok zuzenean pasatu dira banan-banan koadernotik euskarri zurrun batera kristalean itsasteko bestelako moldaketarik jaso gabe. Ikusleak ulertu behar du berez ez direla artelanak kronika grafiko baten isla baizik. Etorkizunerako oroimen ariketa bat itxialdian bizi izandakoaren esparru baten oihartzuna.



Jarduera hau bere ikasleei proposatu zien Beurko institutuko ikasleei, bertan marrazketa artistikoa irakasten baitu, lantzeko begirada aldi berean, marrak bertan jarri baino lehen eta finkatu ondoren eskatzen duen ariketa mentala indartzeko. Egoera berezi honetan bizipoza sortzeko hausnarketarako tresna eta ikasleengan marrazteko grina pizteko akuilua. Kontakizuna egiteko hitzak bilatzerakoan aitzakia ederra baita koadernoan egiten den jarduna. Horrek laguntzen du mina leuntzeko eta ahanzturaren kontrako edabea da gaztaroaren sukarra kudeatzeko.



Aldi berean aldarrikapen bat dago erakusketa prestatzearen atzetik, kaleetatik barreiatzen diren denda txikien alde, gertuko elikagaiak saltzen dituzten horien alde une latz eta zaurgarri honetan. Orokorrean hauek izaten dituzten mozkinak hainbat kirol eta kultur jarduerak laguntzeko erabiltzen baitira. Eremu handiko eta kate erraldoien aldeko erabaki politikoen kontra, horien bitartez kinka larrian jartzen ari baitira errotutako denda txikiak.

Belasko berarengandik sortu du erakusketa egiteko proposamena, dendariek berehala onartu dutena aho batez, behin baino gehiagotan ikusi baitute jardunean, hainbat alditan ikusteko irrikitan zeudelako zuzenean ikusteko noizean behin sare sozialen bitartez egileak plazaratzen duena. Orain saltokian bertan izango dituzte ikusgai 60 marrazki, publiko orokorrak bezainbeste, asteko egun guztietan 24 ordutan, kalera begira egongo baitira.

Sareen bitartez urruneko lekuetara heldu dira, “like” bat merkea izanik ere arrakasta txiki bat lortuz, baina orain oinezkoentzako plazera bilakatuko da batetik bestera ibili beharko da guztiak ikusteko asmoa badago bederen.



Sukaldaritza berria

Aspaldikoa da Gorka Belaskoren harremana sukaldaritzarekin. Matrikulatu ez zuen arren “Euskal sukaldaritza berriaren ikuspegi eskultorikoa” doktore tesia garatzen aritu zen XX. mendearen bukaeran doktoregoko ikastaroak egin eta gero.

Putxeraren kofradia, Artzentalesko geltokia jarri zuen martxan 2011an, Balmasedan sortu zen “giza harremanetarako gailu”  honi gorazarre egiteko, baita hausnarketak zein burutazioak islatzeko ere, tresna ludiko bezala duen ahalmena goraipatuz gastronomiatik haratago doazen ezaugarriak indartuz.

De vuelta con el cuaderno, Zaragozako Arte Eskolak 2015ean Huescan antolatu zuen ikastaroan hartu zuen parte, Carme Ruscalledaren eta Ana Luisa Frazao eta Urumoren irakaspenak jasotzen, koadernoa eta gastronomia uztartzen zituen edizioan.

Euskal Herriko Hazien Sareak Zallako tipulari buruz garatzen ari den ikerketaren aurkezpen publikoaren kronika grafiko egin du birritan EnkarFest jaialdian. Baita lehenengo sektorearekin zerikusirik duten beste ekimenetan, hala nola Arrietako azoka edo Itsamendi txakolinaren aurkezpena.

Ibilbide luzeko egilea.

Arte Ederrak ikasten ari zela “Enkarberriak. Enkarterrrietako Aldizkaria” izan zen bere hausnarketarako marrazkiak argitaratzeko lehenengo euskarria, 1990ean sortu zuen TILET izeneko tira grafikoaren bitartez. Hilabetekari honek iraun zuen bitartean Enkarterriko errealitateari begirada zorrotza eintzen zion, 1990 eta 1998 bitartean.

Hiru liburu argitaratu ditu Arte Bizkarra Kulturgintzaren bitartez, testuak eta marrazkiak osotzen diren mezuak luzatuz. “Cuando el río sueña. Escueto catálogo de peces gordos” (1992),  “Cuando el río sueña. Catálogo ampliado de peces gordos” (2002) eta “Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen” (2008).

Komiki hedatua landu zuen garai batean bere marrazkiak eta aldarriak euskarri ezberdinetan marraztuta: sukalderako oholak, magdalenak egiteko moldeak, ateak…





Barnerako egunak bigarren koadernoa da erakusketarako marrazkien iturria. Halako beste bi bete zituen Gorka Belaskok berrogeialdiak iraun zuen bitartean.