2023-12-21

Beste behin, Gurutzetan!

2023/12/21
Beste behin itzuli naiz Gurutzetako ospitalera urteroko errebisioa egitera. Dena ondo dagoela esteko oso denbora gutxi behar izan du urologo berriak. Momentuz, gorputz matxuratu honekin moldatzen naiz bizitzari distira ateratzeko.
Goizaren bukaeran egokitu zaidanez azken orduan metatzen den atzerapena erabili dut, koadernoan aritzeko, baita itxoite-gelako ezagutu berriek luzatu dizkidaten lausaenguak disfrutatzeko. Marrazkiaren onurak!!

2023-07-10

#Kolitzapetik 22


Bizkaiko Hitza. 2023/06/30

Gaztainondoaren adarraren lorean dago xoxoa, lainotuta dagoen paisaiari so. Ea nola antolatzen duen Kolitzapetik egiten duen bizitza. Goizeko printzek distira berezia ematen diote, inguruko erregea ez bada ere hori sentiarazten dion egoera da. Baina egunak aldakorrak dira, eta, goian dagoen moduan, lurretik buka ditzake orduak, zizareak jateko errazagoa baitu. Ondo daki eremu partekatuan bizi dela, espazioa ez duela berea, beste soinu batzuk atzematen baitira airean.

Inguruan badabil, erne, txepetxa, hegan egiten harrapatu baitezake mikak. Biak zain, ea noiz altxatuko duen hegaldia besteak. Denok garai honetako koloreak eta lurrinak dastatzen, forma eta jatorri ezberdinetako landareek inguratuta. Kasurako, Karrantzako institutuan egon nintzenean ekarritako izpilikua (fin eta min) eta erromeroa, baita ikasle baten amamak oparitutako betibizia.

Ipurtargiaren egunak dira ekaineko bukaeran bizi ditugunak, batzuk besteak baino argiagoak. Gauak laburragoak dira, eta San Joan bezperan suak pizten ditugu nonahi, bertara txarra den guztia botatzeko asmoz.

Horretan zaudela, irakurri duzu berripaper honetan Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Artzentales, Sopuerta eta Villaverde Turtziozko herritarrek ez dutela aukerarik autobus publikoan Balmasedako institutura joateko. Gurasoek ahalegin handia egin behar dute gazte hauen formakuntza ziurtatzeko. Bigarren mailako herritarrak bihurtuta. Derrigorrezkoa ez da izango, baina bai ezinbestekoa etorkizunaren aurrean prest egoteko. Zenbat geratzen da bazterrean aukera hori ezin duelako profitatu? Dekretuak irtenbidea jasotzen ez duen arren, mankomunitatean edo udaletan daudenen ardura da irtenbidea bilatzea. Hori ahalbidetzen duen Bizkaibusen ibilbidea —aldi berean, herriak saretzen dituena—jartzea ala gurasoek antolatutako autobusaren aurrekontua arintzea. Gutxienekoa da.

Pernando Amezketarraren astoa da zama horiek urtzen doana… Belakiekin bete beharko dugu boterearen zakua fidatu ez dadin.

Halakoetan egonik, behinola tokatu zitzaidan azterketa datorkit burura, nola ezagutzen ez nuen hitz bakar batek dena aldatu zuen, bere esanahirik gabe ez baitzegoen ulertzerik. Egun kontrakoa gertatzen zait: ulertzen ditudan gauza batzuetarako hitzik ez topatzea.

Pernando Amezketarraren ipuinean, asto protagonistak gainean garraiatzen zuen gatz karga belakiekin ordezkatu zioten, ura xurgatu eta zama arindu beharrean, pisu handiagoa izan eta lana bikoiztu eta biderkatu ziezaion. Hausnar dezatela egungoek zertan busti zama, etengabe bustitzen direnen zama arintzeko. Enkarterriko errealitate fisikoa ezin bada aldatu, neurriak egokitzea dagokie, publikoa benetako zerbitzua izateko, eta ez DBH egin eta gero herriak husten dituena.

Erregela bi gutxienez, eskalimetroaren egitura eta nahi duten eskalara baliatuz, ez dezaten pentsa ergelak garenik.

2023-06-20

Jarraipena


2023/06/20 Jarraipena

Goizean tokatu zait berriro txangoa Gurutzetako ospitaletik, onkologoarekin neukan hitzordua gaurko honetan erradiazioaren ondoko urteroko errebisiorako.
Ordenagailuak dagokidan pantaila irekitzen dituen bitartean igarotzen den tarteak artega jartzen nau. Segundu gutxi badira ere luze egiten da denbora, medikuari marrazten zaion irriparrak denda ondo doala erakusten dizun arte. Zenbakiek esaten dutena hobeki laburbiltzen du aurpegiaren aldarteak. Esan duen lehenengo hitzak berretsi du: ¡Im-pe-ca-ble!
Aurretik soma ezina zen tentsioa hasten da kanporatzen, bestelako sintomak agerrarazi: oilo-ipurdia, begiak bustita, ahotsa dar-darka. IATren pegatina jarri didate beste urte baterako, bidea luzatu behar dugu egunero, bizitzari etekina atera ez baitakigu noiz okertu daitekeen. 

#Kolitzapetik 21


Bizkaiko Hitza. 2023/06/16

Okaranak alferrik galduta daude Txikerretxean, aurreko artikuluan aipatzen nuen abaildutako aranondoa kraskatu baita. Adarrak enborretik banandu dira goitik behera, eta ez zaie izerdia helduko fruituei. Aurten bikoiztuta zuen ekarpen oparoak aurreikusitako amaiera izan du, agian txarto inausi dudalako urteetan, gerizpe ederra lehenetsi baitut abaroan biltzeko.

Dena den, aste honetako gaia fruta izanik, badaukat aproposa den argazkia #sasitxiotx traolarekin argitaratzeko. Baita puzten diren arbolek dituzten arriskuei buruz hausnartzeko ere. Hausnarketa garaia da ekaina Kolitzapetik ere. Aranondoa nola, futbola hala. Ematen du berdin dela zeinek irabazten dituen hauteskundeak, futbolaren atzetik guraso askoren ametsak daude, ordezkari itxura hartzen dutenak berdegunearen bazterrean eta gizartearen igogailuaren tankera hartzen du. Ondorioz, halako azpiegituretan inbertsioak barreiatzen dira botoak erakartzeko, kultur arloko eragileei sortzen zaizkien lubakiak alfonbra gorrian agertzen dira. Ama Sayren 1993ko diskoaren titulua parafraseatuz, Enkarterrin ikusi ditut umeak futbolean ametsak akabatzen.

Jendeak mugitu dezala gorputza, izerdia, txiki-txikitatik banatzen baitira ibilbideak. Beste jarduera guztiak galtzaileen jarduerak dira, ala nesken jarduerak, bigarren mailakoak hutsaren hurrengoak ez direnean, futbolak bereganatu duen eremuak handitze neurrigabea izan duelako. Hitz arranditsuekin nahasia hazkunde asimetrikoa eta desorekatua sortu da, eredu politikoa zein erdeinu kulturala baliatuta, oso zaila daukana desikasteko prozesua.

Umearen apetak betearazi nahi ditugu, inguruko jardunak berarengan eragina izango ez balu bezala. Kirolaren alde onak goraipatuz, gizarteratzeko baliabidea delakoan, baina harreman horietan kudeatu behar dira esleitzen diren balioak, ikuskerak. Baita gazte-gaztetatik onartzen zaien sasi profesionalizazioa ere. Batzuetan futbolari buruz entzuten direnak lehen soldaduskari buruz entzuten ziren. Nire irudikoz, egungo eredua berdintasuna garatzeko oztopo bat da. Paradigma aldatu ezean, jai daukagu gizarte bezala. Kolitzapetik folklorikoena futbola izanik, dantzaren onurak aldarrikatzen hasi beharko genuke.

Esperientziak erakutsi digu etengabeko mugimenduak ez duela berez aurrerapenik ekartzen. Hormak, analogikoan zein digitaletako karteletan, CUP jarrita, hurrengo erdipurdiko txapelketa, loria banatuz izar berriei (etorkizunekoak) argi eta distira gehiago erantsi. Lorpen ñimiñoarekin beren kamera zein den galdetzen dutenak, telebistetan agertzen diren izarren antzera. Etengabe arrakasta emaitzen arabera, ondo marrazten duten umeen marrazkiak hozkailuaren atean jartzen diren moduan. Guggenheim hedatuan egongo balira bezalakoak dira metalezko euskarri horietan. Hautsa besterik hartzen ez duten oroigarriak, hautsak harrotzeko modukoak abaildutako gizartean.

2023-06-02

#Kolitzapetik 20


Bizkaiko Hitza. 2023/06/02

Azken egunetako euri maskalek arnasa hartzeko aukera eman diote belarrari. Abailtzen hasia da aranondoa, bere fruituek hartu berri duten pisuarekin. Gailuparen papar gorria ikusi dut haren hostotzaren artean. Betoz bazkari gogoangarriak eta hitz-aspertu amaigabeak, gerizpe ederraren abaroan.

Ohi bezala, ekainean, ekinean. Amaitzen ari dira kirol liga guztietako denboraldiak. Berdin dio zein den maila edo kirol mota: sailkapenaren aurrealdetik agertzen diren ume zein gazteek errekonozimendu publikoa jasotzen dute. Horren ondorioz, haien atzetik datozenentzako eredu bilakatzen dira. Udal aldizkarietan berehala jasotzen dute tarte bat, eta haien egoa puztu eta izarrak izatera helduko direla sinetsaraziko diete. Edozein txapelketa irabazteak lortzen dizu espazio bat, lerro batzuk, argazki bat tokiko hedabidean. Udalak Gabonetan banatuko duen egutegian hilabete bateko protagonista izan daiteke, eta, izarren pare jarrita, mutikoen jardunak gizartearen arreta bereganatzen du. Batzuetan, harrera ere egiten zaio kirolariari ikastetxean, are gehiago publikoa ez bada, bertan agertuko baita zentroari publizitatea egiten.

Abiadura berean, hurbiltzen ari da kurtso bukaera. Alderantziz, ordea, ez da inoiz gertatzen, ez dago kirol talderik partaideak emaitza akademikoengatik saritzen duenik. Ezta harrera ekitaldirik ere. Desoreka hori bereziki nabarmentzen da garai hauetan. Gizartearen jokabidea islatzen du. Askotan, irakasle eta guraso moduan, faltan izan dut akademikoki gauzak ondo egiten dituzten horientzako erreferenteak aldarrikatzea. Nabarmenagoa iruditu zait Kolitzapetik dauden institutuetan mugitu naizenean, gehiago ezagutzen baitut ingurua. Baldosa bat bazara, hiru aldiz agertuko zara udal hedabideetan: iragartzen dutenean, jartzen dutenean eta konpontzen dutenean gaizki jarrita zegoelako. Baina doktore tesia argitaratzen baduzu, ez duzu lerro bat ere merezi. Noizero doktore tesiren bat irakurtzen da Enkarterrin, baina ez dago inolako errekonozimendurik. Izerdirik gabe, ez dago loriarik!

Oinarrizko hezkuntzak pertsona baten ibilbidean daukan garrantzia eta eragina kontuan harturik aldarrikatu behar dugu arlo hori. Berehala aipatzen baita unibertsitatea, pribatua eta ordaindua denean, klase baten eskuetan dagoena, eta ez zein harrobitik atera den. Herriotan folklorikoena futbola denez, jar gaitezen futboleroak eta juliganak etapaz etapa ondo ari direnekin. Gizarterako onurak ekarriko dituztenak (medikuak, ingeniariak, psikologoak, itzultzaileak, kazetariak, eta abar) izateko prestatzen ari direnekin, gutxienez, izarren hautsaz poltsikoak bete nahi dituztenekin jartzen garen bezala.

Hausnarketa hau idatzi dut semeak Artzentalesko Eskolan, Zallako eta Balmasedako institutuetan lortu duenaz harro bezain pozik nagoelako. Baita hezkuntza publikoaren ekarpena nabarmentzekoa delako ere. Guztioi, eskerrik asko!


#Kolitzapetik 19


Bizkaiko Hitza. 2023/05/19

Badago etxeko peonian lehenengo lorea datorren kolore eztanda iragartzen. Kolitzapetik sortzen diren okaranak eskertzen ari dira azken egunetako euria, ari dira abailtzen adarrak iaz eman ez zituzten fruituen pisuaren eraginez. Sagarrondoek bide egokia daramate aurtengo uzta oparoa izan dadin, txandakatzeko erritmoa betetzen badute ere. Liztor asiarra harrapatzeko eskegi dugun tramankulua bere lana egiten ari da; aurten ez dago habirik. Iaz bonbilla baten bolumena zeukatenean bi kendu genituen arren, konturatu orduko paperezkoa lanpara baten neurria zuen, negartiaren hostotza artean topatu genuenerako.

Azken bolada honetan telebistako programa batek nagusitasuna kendu bazuen ere, garai batean pil-pilean egon zen traola da #hitzokei. Bi hitz elkarturik esanahi berri, berezi eta iradokitzailea sortzea zen helburua. Batzuetan fonetika ona izateagatik bizirauten zuten akatsek, hiztegiaren idazkeran definitzen den hiztripua, haien original bi apurtuz gero ondo ezkontzen baitira zatikiak, miru-buztan formako mihiztadura… bata bestearentzat egina, norabide ezberdinetan datorrena indartsu lotu eta gero ezin askatu, ezin ulertu bata bestearengandik banatu ezinean.

Gorrotorrino entzun behar duguna. Entzuten dugunagatik sentitzen dugunak eragiten digun mina aholkua, botika, irtenbidea aholkatzen diguna.

Dirumina da lagun batek oparitu didana, egurustearen ezpal beretik, odolustearen gure jarduera guztiak diruaren goseak kudeatzen dituenean. Erabaki askoren atzetik dagoen interes nagusia gutxiengo baten poltsikoak betetzeko gogoa dagoenean sortzen zaizun sentipena.

Halakoetan nagoen bitartean posta kutxatilara gero eta literatura gehiago heltzen zaigu maiatzaren 28an egongo diren hauteskundeen eraginez. Mugimendu asko, baina aurrerapen gutxi, ez baita erraza ildo berriak topatzea.

Enkarterriko hozkailua hutsik dago eta zerrenda egin behar da berriro betetzeko, lehen munduko alde txiki honetan ohi den moduan. Aurrekoetan zer egon den, zer egosi, erregosi… zer koinatu, zer ahitu, zertan aritu garen. Eskaintzak, nonahi. Tresna prismatiko hori, gehienetan zuri eta bitan banatuta, iraultza ekarri zuena, isila zorte pixka batekin, marranta zahartzen den heinean, gizartea bezala, etxeko artista gazteen artearentzako euskarria. Etorkizuna ez badu elikatzen, zeharkaldia behintzat ilusioa piztuko diguna, atea irekita dena argiago, ahora zerbait eramateko eskura badugu.

Nork hustu duen hustu den hozkailua, hitzkailua, hizketagai. Hornitzeko gu aterako gara bila ala telefonoa zein aplikazioa. Harakinaren egokitzapena, bertako okela xehe-xehe eginda, zapala eta zilindrikoa saltzen du arrain gutxi eta sushi asko, arroza proteinaren prezioan, kroketak ongi egiteko modua baina saltzeko amarenak baino hobeak ezin direla gainditu.

Dena aldatu nahi dut, deblauki, egun batetik bestera.

#Kolitzapetik 18


Bizkaiko Hitza. 2022/05/05
Urtero esaten diet ikasleei kontuz ibiltzeko kurtsoan zehar, ahal duten guztia lehenengo bi ebaluazioetan metatzeko, udaberria heltzerakoan beti maitemintzen baita norbait. Une horretan pizten diren argi bakarrak larrialdietakoak dira. Bihotzak ez dio burmuinari uzten behar bezala ibiltzen, jarduna ahalik eta eraginkorrena izan behar den garaian hain zuzen ere. Maiatza eta maitatzea une berean erkatzen dira borborka dauden gorputz horietan, errealitatearen aniztasuna ikusteko zailtasunak sortuz.

Kolitzapetik dagoen eremua zabala da, anitza, desoreka orekatuan. Atzera eroaten gaituen delorean hori, petaloak askatzen erabakiak hartzeko, erantzukizuna urtzeko, diluitzeko, maitemintzen diren ikasleen antzera. Mendi tontorretik jaitsi behar da benetako neurria zein den ikusteko: uraren arroilak, bazterrak miatzeko, haltzak, sahatsak, amuarrainak, loinak, ezkailuak ditugun, ala ubideak, latak, adarretako plastikoak, murruak, harri-lubetak.

Errazagoa ematen dute, lokatzetan sartu barik, basoek, egun zuhaitzen baratzeak badira ere, askotan laborantza bakarrarekin. Pinuaren ordez palmerak proposatzen ziren arren, Euskadi tropikalaren garai horietan, denbora hartako pinuak gaur egun ari dira eraisten, mendietatik ateratzen.

Topo egiten dugu norberarengan jarritako mugak. Badakigu Enkarterri dela eskualde bakarra Lanbide Heziketa publikorik gabekoa. Egurraren eskola itxita dago gehien behar denean. Bazka ederra adituek ikusi ez dutena, eta enpresa bera fakturatzen.

Eguneratuta bezain saminak dira egurrari buruz heldu zaizkidan datuak. Enkarterritik hogei bat kamioi ateratzen dira egunero, Soriarantz eta Burgoserantz. Euskal Autonomia Erkidegotik, berrogei bat. 90-100 euroan saltzen diren 1.500 metro kubiko edo 1.000 tona egur. Zerrategi horietan oholak eginda, Txinara, Lucenara, Yeclara jarraitzen dute bidea, gero, etxeak, zubiak, biondak bihurtuta itzultzeko. Mingarriagoa, batez ere, mendi publikoan ekoizten delako ekaia, kalitate horretako egurra izan arte, ahalegin handiena berton egiten baita. Datu esanguratsuak dira.

Gainera kamioi bakoitzak bidaia batean 220-250 litro erregai behar ditu, aztarna ekologikoa nabarmen handituz. Horrek lurrean bertan eragiten duenari gehitu behar zaio, Enkarterrin zerrategi bakarra dagoen bitartean. Egin daiteke kalkulu bat, horrek guztiak ekonomikoki zer galera suposatzen duen jakiteko; zein den egur horren balio erantsia. Balio erantsia bider hiru edo sei aldiz handiagoa izan daitekeelako, adituen arabera.

Dena den, duen balio erantsirik inportanteena ez da hori. Kudeaketa egoki batek bultza dezakeen ezagutza eta eskulana, horrekin batera dakarren ikerketa, garapena eta berrikuntza jasangarria. Horregatik, ziur aski, dirutzarekin batera, egur-huste hori odolustea da.

Enkarterrin, Andres trikilun tres: poltsa handia eta dirurik ez!