2023-03-24

Kolitzapetik 14

Bizkaiko Hitza. 2023/03/10

Sukaldeko leihotik ikusten dut Kolitzaren gailurraren gainean dagoen San Roke eta San Sebastian sainduen omenezko baseliza. Kolitzapetik ikusten duguna beste aldetik begiratzeko ariketa egiteko leku aproposa da, marrazketa teknikoko klaseetan plano aldaketa lantzen dugun bezala. Behar dugun informazioa biltzeko ikuspuntu egokitik begiratzeko gaitasuna. Horregatik zuen izena Plano aldaketa beste garai batean idazten nuen iritzi zutabeak.

Agian inguru honetan ez dakigu nola erabili feng shui izeneko multzo teorikoa. Txineraz “haizea eta ura” esan nahi omen du, espazioaren betelan harmonikoa eta oreka kontzientea lortzeko, barnean bizi diren pertsonengan eragin positiboa erdiesteko asmoz. Zeruaren —ezezaguna, ikusezina eta dardartia— eta Lurraren —ikusgarria eta fisikoa— artean dagoen muga bat. Badakigu nola kokatzen ziren etxeak, baserriak eta eraikinak oro har, klimatologiari aurre egiteko eta onurak ateratzeko. Baina bat-batean hortik ateratzen zaituena kokatzen da zure bazterretan.

Burura datorkizu Txinako leku batzuetan erraldoiek irentsi ezin izan dituzten antzinako etxeak geratzen direla eraikintzarrek inguratuta; garai bateko bonsai arkitektonikoak bezala. Bere mundua gorde nahi duen pertsonaren garapen pertsonala gordetzen dituzten altxor kutxak dira, diruaren harrabotsen soinuari entzungor egin dioten biztanle egoskorrak.

Gertuago, birziklapenaz arduratzen den enpresak harginaren Walden hori birziklatu nahi du. Txikiak ez dauka lagunduko dion Thoreaurik. Bide batez agerian uzten du zirimola errepikatzen dela, bizi izan duzula aurretik, hamarkada bakoitzak berea edukiko balu bezala. Ingurua hondatzen duen erraldoiaren ipuinari darion musika daukazu entzunda, kasu honetan soinu urdinak esnatu bagaitu ere. Sisiforen istorioa txikian harria jaitsieran gainetik pasatzen zaizu burua makurtzen ez baduzu. Badakite legedia estutzen, bihurritzen, eta zukua ateratzen dioten bezala, hala egoera pairatzen duenari malkoak. Gertakari zehatz bat, baina hortik haratago doana.

Ikusten duzun gauza bakarra da nola halakoetan indar erakustaldia oso desorekatuta dagoen; eskura dituzten tresnak, nola menperatzen dituzten denborak, garaiak eta erakundeak. Gogoratzen dituzu beste gerra txiki batzuetan egondako lehia horietan errepikatzen direla jarduteko moduak. Badaukate konfiantza higadurak zizelkatzen baititu harri gogorrenak ere, harkaitz altuenak lausotzen.

Harri eta hari asko dituen mataza da, korapiloz betea egonagatik ere sinesgarria izan daiteke, zoritxarrez, 1990eko hamarkadetatik hainbat prozedurekin antza duelako. Historia osoa berregiteko datu askorik gabe, susmoa dut oraingo honetan beste batzuekin gertatu den berbera ari dela gertatzen. Ezaguna egiten zait, sentitzen baitut neu ere beti izan naizela txikia, beti egon naizela alde desegokian: zapatako txintxarria bihurtzea izan dela aukera bakarra.