2022/05/23-26
Lorpena.
Oso aste indartsua izan da aurrekoa. Erradioterapia onkologikoaren emaitzak aztertzeko erresonantzia magnetikoa egin zidaten astelehenean Gurutzetako ospitalean. Berriro arratsaldearen bukaeran, beste behin eguna baldintza egokietan joateko bideratuta. Ez zen samurra izan tramankulu horretan eman nuen denbora, zarata horrek sortzen duen ezinegona gehitzen baitzitzaion kontrasteak sortzen duen beroari. Gorputza egosten ari zela iruditzen zitaidan, pil-pilean nituela nire arlo likido eta likatsu guztiak.
Balmasedako anbulategitik pasatu nintzen asteartean odol analisiak egitera, nire psaren maila neurtzeko eta prozesuaren arrakasta zein porrota baieztatzeko. Behintzat goizeko lehenengo orduan izan zen eta baraurik joan behar nuenez turista baten moduan gosaldu nuen bertako plazan.
Ostegunean zen nire hitzordua. Lasaitasunez hartzeko ahaleginetan berandu heltzeko zorian egon nintzen, ongi lagunduta, bederen.
-Perfecto, Gorka!
Hitz horiek laburbiltzen dute prozesu honen bukaera: ezin ziurtatu %100ean ez dela errepikatuko baina Padilla doktorearen aurpegiak helarazten zidan poztasunak datu horiek baino adierazgarriagoak ziren. Oraindik geratzen zait errebisioren bat hurrengo hilabeteetan baina tarte horretan isuri nituen malkoek urtu zuten azken hilabete hauetako presioa.
Hortik zuzenean ospatzera joan nintzen, nire bizitzako alde irrealena elikatuz. Baina horrek beste kontakizun baterako emango luke.
Eskerrik asko animoak, hitz gozoak, loreak eta indarra bidali dizkidazuen guztioi. Horrek lagundu nau bide honetan.
1 comentari:
Zorionak, bataila handi horren irabazleari. Gozatu lasaitasunaz.
Publica un comentari a l'entrada