2022-05-29

Erradiologia. 0.0

Erradiologia 
2022/05/23-26
Lorpena.
Oso aste indartsua izan da aurrekoa. Erradioterapia onkologikoaren emaitzak aztertzeko erresonantzia magnetikoa egin zidaten astelehenean Gurutzetako ospitalean. Berriro arratsaldearen bukaeran, beste behin eguna baldintza egokietan joateko bideratuta. Ez zen samurra izan tramankulu horretan eman nuen denbora, zarata horrek sortzen duen ezinegona gehitzen baitzitzaion kontrasteak sortzen duen beroari. Gorputza egosten ari zela iruditzen zitaidan, pil-pilean nituela nire arlo likido eta likatsu guztiak.
Balmasedako anbulategitik  pasatu nintzen asteartean odol analisiak egitera, nire psaren maila neurtzeko eta prozesuaren arrakasta zein porrota baieztatzeko. Behintzat goizeko lehenengo orduan izan zen eta baraurik joan behar nuenez turista baten moduan gosaldu nuen bertako plazan. 
Ostegunean zen nire hitzordua. Lasaitasunez hartzeko ahaleginetan berandu heltzeko zorian egon nintzen, ongi lagunduta, bederen. 
-Perfecto, Gorka!
Hitz horiek laburbiltzen dute prozesu honen bukaera: ezin ziurtatu %100ean ez dela errepikatuko baina Padilla doktorearen aurpegiak helarazten zidan poztasunak datu horiek baino adierazgarriagoak ziren. Oraindik geratzen zait errebisioren bat hurrengo hilabeteetan baina tarte horretan isuri nituen malkoek urtu zuten azken hilabete hauetako presioa.
Hortik zuzenean ospatzera joan nintzen, nire bizitzako alde irrealena elikatuz. Baina horrek beste kontakizun baterako emango luke.
Eskerrik asko animoak, hitz gozoak, loreak eta indarra bidali dizkidazuen guztioi. Horrek lagundu nau bide honetan.


2022-05-23

Erradiologia 20

Erradiologia 20
2022/05/20
Bukaezina.
Azkenean heldu da hogeigarren saioa eta horrekin bukatu dut aurreikusita zegoena. Oraindik ere badu eragiten gorputzean jasotako erradiazioak, helburua ez baita berehala lortzen azaldu zidatenaren arabera.
Dena den oso garrantzitsua da niretzat beste fase batera pasatzea, emaitzen arlora hain zuzen ere. Egoera erreala zein den jakiteko unea helduko da hurrengo aste hauetan.
Nahiz eta arrisku batzuk egon prozedura honetan guztietan, ehunenekoetan neurtzen direnak zama bat kendu dut gainetik. Datorrenari aurre egingo diot 

2022-05-20

Erradiologia 19

Erradiologia 19
2022/05/19
Marrazkiak.
Badoa beti nirekin koadernoa, eskuan josita bezala. Ate batzuk ireki dizkit azken hamarkada honetan, hainbat kronika grafiko egiteko gonbidapenak jaso baititut, gehi berez sortu direnak.
Azken aste hauetan leungarria izaten ari da erabilera hau Gurutzetan ematen dudan denbora eramangarriagoa eramanez. Bide batez artatzen nauten arreta erakarri du, haien jakinmina piztu eta bestelako harremana sortzeko aukera eman digu guztioi. 
Marrazkietan erakutsi dudan barnekaldea ez da bakarrik eskanerrak islatzen duenabeta lerrook lotura berriak sortzen ari dira, babeserako sareak osotuz.

2022-05-19

Erradiologia 18

Erradiologia 18
2022/05/18
Bakardadea.
Hutsik zegoen itxaron gela, tarte honetan gertatu zaidan egun bakarra. Ondorioz beste esangura hartzen du espazio horrek, sentipen berri bat agertu zait eguneroko kideak ikusi ez ditudanean. Eta bada une horietan sentitzen den bakardadea. Ez dut laguntzarik behar hara joateko, ezta itzultzeko ere. Ez naiz bakarrik sentitzen. Baina nire txanda iragartzen duen soinua heldu arte eta horrek iragartzen duen prozedura bukatu bitartean sentitzen dudana bakardadea da.  Han sortu eta hantxe geratzen den sentipena.
Zorionez atzo bereziki pozik atera nintzen nire zaindarien arreta piztu dituztelako nire marrazkiek. Horrek beste eremu batzuetan marrazteko aukera sortuko dut, bakardade horretan sortutako irudiei balio erantsi bat emanez.

2022-05-18

Erradiologia 17

Erradiologia 17
2022/05/17
Atzeraka.
Ze zaila den gorputzaren erritmoak ezagutzea, are zailagoa komeni zaigun neurrira menperatzea. Azkenean berak nahi duena egiten du eta profesionalen eskuetan nago behar diren baldintzetan bonbardeoa egiteko. 
Ohatilan etzanda nagoen bitartean badago une bat dena gelditzen dela. Dagoeneko badakit tarte horretan behatzen ari direla nire barrunbeak ganoraz dauden ala ez. Beraien ahotsak entzuten baditut "Houston, badugu arazo bat" datorkit burura. Momentuz ez dut behar izan kanpoko laguntzarik, zunda beti baitago prest laguntza behar izanez gero bere lana egiteko. 
Atzoko bigarren saiakeraren ostean jeitsi nintzen geratzen zaidana atzera dihoan kontaketa dela, hiru saio baino ez. Horrek lausotzen du bizi izandakoa. Atzeraka bada ere bagoaz aurrera!

2022-05-17

Erradiologia 16

Erradiologia 16
2022/05/16
Zortea.
Zoriak izan du zerikusirik hona ekarri nauen ibilbide honetan, bai 2016an prostatako minbizia antzeman zidatenean baita oraingo bonbardeoak dituen albo kalteak gainditzerakoan. 
Tratamendua onartu nuenean zerrenda luze bat irakurri zidaten, teknologia gero ta aurreratua badago ere ondorio batzuk ekar baitezake, dena ehunenekoetan neurtuta. Zein aldetan jausiko den txanpona ez jakiteak buruhauste ederrak sortzen dizkit, etorkizuneko bizitza baldintzatu dezakeelako. Baina une honetan sentitzen dut laguntza ederra jasotzen dudala, gatza eta piperra ez zaiola falta bizitzari eta sinestezina dena gertatzen zaidala egunero. Zorionekoa ni!

2022-05-14

Erradiologia 15

Erradiologia 15
2022/05/13
Kukua.
Gurutzetako erradioterapia onkologikora egiten dudan kukuak nire egunerokotasuna baldintzatzen du erabat. Teknologiarik aurreratuena erabiltzen dute nirekin, osasun sistema publiko izatearen onurak! 
Dena den horrekin aritzen diren langileak dira artatzen egokiaren zutabea. Haiek sinestarazten didate egunero jasotzen ari naizena eraginkorra dela, une horiei darien tentsioa apalduz.
Hiru laurdenak bete ditudan egunean dena joan da ondo, baita azeleragailua marrazteko aukera ere. Kukuaren barnean beste kuku bat, ziztu bizian eta une laburrean: azelerazioa bikoitza izan da.

2022-05-13

Erradiologia 14

Erradiologia 14
2022/05/12
Poza.
Oso gauza gutxirekin konformatzen naiz garai hauetan pozteko. Egoera horrek berehala ekartzen dio aldaketa eguneroko aldarteari. Gorputzak Pauloven irakaspenak jarraitzen ditu eta zuzenean erantzuten du behar duen moduan bonbardeoa jaso baino lehen, teknikarien onespen irrifartsuen artean. 
Gainera, opari moduan edo,  bideratu ditugu negoziazioak barruko ingurua marrazteko, nirekin erabiltzen duten goi mailako teknologia koadernoan islatzeko. 
Etxerako bidea laburragoa egin zait.

2022-05-12

Erradiologia 13

Erradiologia 13
2022/05/11
Nekea.
Nondik datorren ez dakidan nekea sentitzen hasi naiz, normaltasunaren barnean dagoen ondorioa, niretzat berria bada ere. Egunero gorputzak jasaten duen bonbardeoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!
Hasieran pentsatzen nuen buruaren etengabeko jardunaren ondorioz sortzen zitzaidala, ez zuela inolako loturarik arlo fisikoarekin. Gainera oso aldakorra. Ohetik altxatzeko mirari, garabia Edo polipasto baten zain nago eta, hala ere, behin bertikala berreskuratuta, zerbait egitera behartzen nau, neke hori zuritu beharko banu bezala.
Hamairugarren saioa, behintzat, oso azkar joan da eta horrek sentipen hori arintzen du.

2022-05-11

Erradiologia 12

Erradiologia 12
2022/05/010
Urduritasuna.
Artega dabil jendea Gurutzetako eremu hauetatik. Isiltasunak adierazten du barnetik urduri gaudela guztiok, bai terapia jasotzera hurbiltzen garenok baita laguntzera etortzen direnak.
Ziur aski ohiko bizitza egiten saiatzen gara hor gaudenok egunerokotasuna guztiz aldatuta daukagula dakigun arren. Agian ez daukagu gauza handirik elkarrekin baina elkartzen gaitu minbiziaren aurkako borrokan.

2022-05-10

Erradiologia 11

Erradiologia 11
2022/05/09
Dieta.
Txanda aldaketak ekarri dit berritasunaren bat. Dieta bat jarri didate, janari osasuntsuak gasa sortzen baitu nire barnean. Astean zehar, behintzat, agur esango diet barazkieei eta laboreei, agur garai honetako kutixiei. Lehentasunezko helburua da hori, horrek errezten baitu nire bonbardeoa, otsaileko egun hartan egin zidaten TACean bezala egon behar baitu nire gorputza barrutik une horretan. 
Beste alde batetik beste behin azaldu zidaten zein den zehazki haien helburua, eta oso oteizarena iruditu zitzaidan. Bertan ez dagoen prostataren lekua, eremua, espazioa baita. Bueltaren bat eman behar diot irudi poetikoagoa bilatzeko

2022-05-09

Erradiologia 10

Erradiologia 10
2022/05/06
Erdia.
Hamargarren saioarekin tratamenduaren erdira heldu naiz eta heltze hutsa lorpen handia iruditzen zait. 
Gainera artatzen nauena hasi zait euskaraz egiten. Artzentaleskoa izanik arraroa iruditu bazaio ere hurbiltasun puntu bat eman dit niri, unearen kudeaketa leunduz.
Behin etxean beste beste hausnarketa batzuetarako beta sortzen zait konturatzen naizenean nola dagoen gorputza, onartzen dudanean zer den mugiarazten nauena. Etzanda dudan eztanda bizipoza baino gehiago sortzen dit, arriskuan dauden jarduerei beste balio erantsi bat ematen badiet une honetan. Baita ondorioz isurtzen ditudan malkoei.

2022-05-07

Erradiologia 09

Erradiologia 09
2022/05/05
Tronboia.
Irristailuduna omen da aurrera eta atzera ibiltzen den tronboia, luzatuz eta uzkurtuz bere soinua doitzen duena. Holan sentitzen naiz batzuetan ohatilan etzan baino lehen, ea egun horretako nota egokia den. Gorputza barrutik mugitzen, barneko ariketa noraezean egiten, eta artatzen nauten adituen ahotsa tramankulu guztien soinuei gailendu zaio "oso ondo" batekin. Holan borobiltzen dutenean beste aldarte batekin noa etxera. Sinfonia ederra osatzen ari naiz.

2022-05-06

Erradiologia 08

Erradiologia 08
2022/05/04
Ondorioak.
Etxerako bidean dei bat jaso dut. Deia pertsonala bada ere, beste aldean dagoenaren kazetari senak albo ondorioengatik galdetzera bultzatzen du.
Ohi bezala hil zaitezkeela sinatzen duzu halakoetan. Hortik behera dena omen da hobekuntza. Hausnarketa horiek bilakatzen dira bururako bazka. Eskatologikoak ez direnak sexuarekin dute zerikusirik. Baina denak neurtzen dira ehunenekoetan... gertatzeko aukera behintzat! 
Nire eskuetan dagoen guztia egiten dudala esango nuke kasu honetan, saio guztiak bukatu arte bederen, tratamenduaren eragina neurtuko duten egunean hasiko bainaiz aztertzen zenbat letra gehitu. 
Momentuz, dena da ondo.

2022-05-05

Erradiologia 07

Erradiologia 07
2022/05/03
Geldoa.
Bolada honetan gehien nabaritzen dudana da dena geldo doala, bai denbora baita burua ere. Gauza gutxi egiteko denbora eta gai gutxi jorratzeko gaitasuna uzkurtuta.
Etzait iruditzen gogo falta denik, baina biorritmoa moteldu da eta urria da ganora. Ondorioz halako ezintasun bat kudeatzen dut egunero, medikuen aholkuak jarraitzen ditudan bitartean. Lana ahazteko eta pizgarriak diren ekimenei heltzeko agindu zidaten. Hala ere, ez dakit zein norabidetan nabilen hain likatsu sentitzen naizenean. Geldo bai, baina ez geldi!

2022-05-03

Erradiologia 06

Erradiologia 06
2022/05/02
Itzulera.
Astelehena izanik itzuli naiz gurpil-zoro honetara, baina dakit ez nagoela hasierako puntu berean. Agian amaigabeko torloju batean, ale bihi bat bezala igotzen zaituena berriro jausteko. 
Demagun kolpe txiki bakoitzak indartsuago egiten nauela, aurrerapausorik gabeko ibilbide horrek ataka estu honetatik urruntzen nauela. Itzultzen naiz eta bada toki bera. Neu naiz aldatzen dena.
Berriro nago bertan, idazten. Badira testu hauek irakurtzeko baliabide informatikoekin itzultzen dituztenak, nik jakin gabe heltzen zaiena zenbat duen zerikusirik nik idatzitakoarekin. Poetikoa omen da, sareetan jasotzen dudanean eta idaztera itzultzen naiz, itzuli gabe bada ere!