2015-08-31

Uda. Mambrilla.

Mambrilla de Castrejón (Burgos) aitite Dionisio eta amama Mariaren errautsak hartzen dituen herria. Aurten astebete eman dut bertan semearekin batera, azken 27 urte hauetako egonaldirik luzeena.

Oso gustokoa dut leku horretan jesartzea, "erreginaren balkoia esaten diote herrian. Duero ibaiaren ibarra luze eta zabal agertzen da eskumara. Ezkerretik herriari izena ematen dioten "mamblak" (latinez titiak omen).
 Amamaren sukalde txikia, bere aulki sendo eta pisutxua,bertako ohitura jarraituz okindegiko laban erretako bildotsa ezin falta.
Aititeren bodega, lur azpiko sotoa, behar dituen zaintzarik gabe zahartzen ari dena, denboraren erasoen ondorioz, goitik zein behetik higatuz dihoa.
  
"Txikitan eguneroko txangoa "beste auzora" aitite eta bere lagunekin. Lata askotan ardoaren bidaide. Latorriak, herdoildutako lekukoak. Gaurkoak halako oroimenak ekarri."

Taberna bakarra, kartetan mahai bakarra, herriaren huste etengabearen adierazle. Arratsaldeetan gizonak baino ez. Eguzkiak indarra galtzen duenean, denetatik: paseoa bukatzen duten andrak, gazteak, gurasoak...

 Valcabado de Roa izan zen lehenengo eguneko txangoa, Mambrillaren ohorea defendatzera eraman bainituen herriko gazteak. Trirrindulaz joan ginen eta oinez itzuli ni, gurpilak eztanda egin baitzuen. Arratsalde ederra,  bi orduko partida 12-14 irabazita!
Roa de Duero jaietan bazegoen ere, hornitzeko erabili nuen batez ere. Bermuta hartzen genuen bitartean bertako eliza marrazteko ahaleginetan harrapatu gintuen Hilariok. Hitz-aspertuari ekin genion eta holan gelditu zen.
Estrellaren okindegia, beste klasiko bat. Egurra erabiltzen duen laba ezin egokiagoa bildotsa bere puntuan erretzeko. Bapatean 32 zenbakia zuen laurdena atera zuen, nirea alegia, eta korrika etxera, hoztu baino lehen. Eta ezin bukatu marrazkia.
"La Castrejona" esaten diote baselizari. Bazkideen omenezko meza zegoenez barrutik marrazteko baliatu nahi nuen. Baina apaiza berandutu zenez anaidiaren batzarrarekin hastea bururatu zitzaien. Bazkidea ez naizenez alde egin nuen, bukatu gabeko marrazkia utzita. Orduan kanpokoari ekin nion.

 Elizaren dorreak arazo larriak ditu teilatuan. Hainbat ekimen burutu dituzte konponketarako behar duten dirua metatzeko. Erdi txantxetan beste bukaera bat proposatu diet, baita marraztu ere: gela panoramiko bat, turistak erakartzeko.

Uda. Asturies.

Aurten, apaldiko partez, Asturiasera itzuli gara udako oporrak profitatuz. Correhuela, El Pidal, izan zen gure etxea egun horietan. Bertan ezagutu genuen Marisa, etxeko arduradun prestua.
Eguraldia lagun izan dugunean, Rodiles izan da gure hondartza, goizeko pasean. Bainuak, futbola, palak eta hainbat ekintzen artean geratzen zitzaizkidan zirrikituetan zerbait marraztu dut.

Bazkaldu ostean El Puntal ondoan "Buen home" izeneko hondartzatxoan, marearen arabera, desagertzen dena. Lasaia.


Catalin, oso ondo hartu gintuzten, berehala lekua eginez. Tazoneseko portutik apur bat aldenduta baina goi mailako jakiekin. Erreboiloarekin bukatu eta gero auto klasiko bat geneukan aparkalekuan.
 Argüeru bada beste leku bat bisita merezi duene. Aurreko egunean beraien jaietan egon ginen, "festes de prau" eta hurrengoan Verano jatetxera. Jaki goxoen zain geundelarik aurrean geneukan bikotea marraztu nuen. Emakumearen urtebetetzea ospatzen ari zirenez, abestu ere egin genien.

Villaviciosako azoka, oso egitura metaliko interesgarria daukan aterpea da. Arrain freskoaz hornitzeko leku aparta. Haragia erosteko ezinbestekoa: hiru aldiz galdetuta zein zen lekurik hoberena okela erosteko eta erantzun bera Nachon, bertan dagoen harategia.


Batzuetan  ateratzen ginen. Colungako hondartzatik, Lastres ikusten genuen.
Bere kaleetan zehar kontzertu bat harrapaatu genuen.
Lastres. Bertako "Rulan" bazkaldu eta gero, bertako portuko mugimendua.Jendea harrituta, jendea ere marrazten bainuen. "Paianos y todo" esan zuen batek.


Euria elkartu zitzaigun egunean "Eskolaren Museoa" ezagutu genuen,Torazun bazkaldu baino lehen. Arratsaldeko txandan Piñerako "Keramikaren museoa". Bitxia. Irteeran, ondoan dagoen garaia, Infiestura joan baino lehen.
Oles, herri txikia baina beraien nortasuna indartzeko antzineko lanekin prestatzen dute azoka berezia. Bai "almadreñak" egiten zituena...

eta bere emazte filosofoa...
...bai ola-gizona.

Sorpresa, etxe ondoan. Kanpotik edozein etze izan zitekena, "Tabacos" jartzen duen kartela ezberdintasun bakarra da. Sagardotegi zein herriko taberna zelakoan sartu ginen El Pidal auzoan (antzinean El Gobernador zena) Kike eta Ebarekin egin genuen topo. Kriston kokteleria, "Soda 917". Edabe miragarriak alkohol zein alkoholik gabe, zuzeneko ikuskizuna eskeintzen du Kikek (Krak, Kuntzerentzat)

Aitarena egitea gogorra da askotan... baina bi ordutan piraguan arraun egin eta gero geratzen zitzaidan indarra marrazki hau egiteko erabili nuen, sagardoaren txinpartek bizibrritzen gintuzten bitartean.
Noizean behin mahai baten inguruan zerbait marrazteko aukera sortzen zitzaidan. Batez ere potoltzen joan den agendatxoan.