2015-08-31

Uda. Mambrilla.

Mambrilla de Castrejón (Burgos) aitite Dionisio eta amama Mariaren errautsak hartzen dituen herria. Aurten astebete eman dut bertan semearekin batera, azken 27 urte hauetako egonaldirik luzeena.

Oso gustokoa dut leku horretan jesartzea, "erreginaren balkoia esaten diote herrian. Duero ibaiaren ibarra luze eta zabal agertzen da eskumara. Ezkerretik herriari izena ematen dioten "mamblak" (latinez titiak omen).
 Amamaren sukalde txikia, bere aulki sendo eta pisutxua,bertako ohitura jarraituz okindegiko laban erretako bildotsa ezin falta.
Aititeren bodega, lur azpiko sotoa, behar dituen zaintzarik gabe zahartzen ari dena, denboraren erasoen ondorioz, goitik zein behetik higatuz dihoa.
  
"Txikitan eguneroko txangoa "beste auzora" aitite eta bere lagunekin. Lata askotan ardoaren bidaide. Latorriak, herdoildutako lekukoak. Gaurkoak halako oroimenak ekarri."

Taberna bakarra, kartetan mahai bakarra, herriaren huste etengabearen adierazle. Arratsaldeetan gizonak baino ez. Eguzkiak indarra galtzen duenean, denetatik: paseoa bukatzen duten andrak, gazteak, gurasoak...

 Valcabado de Roa izan zen lehenengo eguneko txangoa, Mambrillaren ohorea defendatzera eraman bainituen herriko gazteak. Trirrindulaz joan ginen eta oinez itzuli ni, gurpilak eztanda egin baitzuen. Arratsalde ederra,  bi orduko partida 12-14 irabazita!
Roa de Duero jaietan bazegoen ere, hornitzeko erabili nuen batez ere. Bermuta hartzen genuen bitartean bertako eliza marrazteko ahaleginetan harrapatu gintuen Hilariok. Hitz-aspertuari ekin genion eta holan gelditu zen.
Estrellaren okindegia, beste klasiko bat. Egurra erabiltzen duen laba ezin egokiagoa bildotsa bere puntuan erretzeko. Bapatean 32 zenbakia zuen laurdena atera zuen, nirea alegia, eta korrika etxera, hoztu baino lehen. Eta ezin bukatu marrazkia.
"La Castrejona" esaten diote baselizari. Bazkideen omenezko meza zegoenez barrutik marrazteko baliatu nahi nuen. Baina apaiza berandutu zenez anaidiaren batzarrarekin hastea bururatu zitzaien. Bazkidea ez naizenez alde egin nuen, bukatu gabeko marrazkia utzita. Orduan kanpokoari ekin nion.

 Elizaren dorreak arazo larriak ditu teilatuan. Hainbat ekimen burutu dituzte konponketarako behar duten dirua metatzeko. Erdi txantxetan beste bukaera bat proposatu diet, baita marraztu ere: gela panoramiko bat, turistak erakartzeko.