2014-10-21

#sketchcrawl EAn

Ramón Lejardik antolatu zuen bere herrian 45. Sketchcrawla. Bizkaia zeharkatu nuen, Artzentalesetik Eara hurbiltzeko. Jarritako ordutik laurden bat pasatzen zenean heldu nintzen baina ordurako taldea sakabanatuta zegoen, marrazteari ekiteko. Duda barik Lekeitiorako errepidean dagoen zubian bertan jesarri nintzen lehenengo marrazkia egiteko, beste ezer baino lehen. Jesusen Andra Mari eliza aitzakia izan zen kolore apur bat sartzeko. Kolorea, daukadan borroketako bat!
 
Gero Josu eta Juan Mari ezagutu nituen inguru berberean aritu baikinen hirurak. Ibaiak itsasorantz hartzen duen norabidea hartu genuen hirurok, bigarren hitzordura garaiz heltzeko asmoz. Zubiaren beste aldera eta azpitik marrazteko  ezin aproposagoa iruditu zitzaidan lekuan jarri. Horretan ari nintzela aita-semeak agertu ziren. Bi erreka batera marrazteko aukera ezin galdu, unea ere harrapatuz.

Eskolondon elkartu ginenean agindutako erreportaia egiteari ekin nion, pote bat hartzen genuen bitartean .

Hitz-aspertuari tarte bat eskeini eta gero moilan hartu nuen lekua. Txalupa batean zegoen gizona aproposa iruditu zitzaidan. Hasi orduko, baina, lehenengo lerroak paperean jarrita, mugitzen hasi zen! Gero eta gehiago, beste txalupa guztiak mugituz itsasoratzeko bidea irekitzeko ahaleginetan. Han utzi ninduen marinelak, begien aurrean nituen kulunkatzen ziren txalupa guztiak marraztera behartuta.
Bazkaltzera Zakilixut elkartera joan ginen. Ramonen familiak ongi atonduta topatu genuen jantokia. Goizean prestatu nuen patatazko tortilla atera atera. Beste tarte polita, beste marrazki baterako aukera.


Arratsalderako beste sorpresatxo bat geneukan gordeta: Urtubiagako burdinolara egin genuen txangoa, bi gidari eta guztiz. Azalpen argiak, sakonak eta datuz beterik, herriaren historiari buruz, burdinolari buruzkoak zein inguru horretan garatu zen industriari buruz. Tresna aldatzea erabaki nuen, tinta beraien barnean daramaten errotulki horietako bat. Marrazki azkarrak, oinarrizkoa harrapatzeko asmoz, mugimenduan ari ziren pertsonak, azalpenak adi-adi entzuten genituen bitartean, lekuz leku ibiltzen ginen bitartean.


Bilbotik egin nuen buelta. Bidaia laburra egin zitzaidan Jesús eta Kepa hurbildu bainituen eta hitz-aspertuan etorri ginenez konturatu orduko hiriburuaren bihotzean geunden. Semea marrazteko aukera txikia eta ezin pasatzen utzi gure ondoan zegoen musikaria, "esperantzara kondenaturik" dagoen berbera.
 
Marije Kobeagak atera zigun argazkian ez gara marrazkilari guztiak agertzen, batzuk bazkaldu bezain pronto alde egin baizuten.
Nik ateratakoak facebooken dauzkat ikusgai. Busturialdeko hitzan agertu dira ere. Ramón Lejardik helarazi zizkienez bere izenarekin sinatu dituzte: ez dago arazorik. Izan daitezela sketchcrawl hau antolatzeko hartu duen lana eta arduraren ordaina eta eskertza.

2014-06-26

Zaragozara abiatu baino lehen


 Zaragozara habiatu baino lehen azken asteetan egin ditudan marrazkiak hauek dira. Atzo bilboko Alde Zaharrean lankide ohi batekin egin nuen topo eta ardo bat hartzen genuen bitartean ikasleekin zertan nabilen galdetu zidan, ea jarraitzen nuen "behien marrazki liluragarri horiek" egiten. Ezetza jaso zuenean aldatu zen bere aurpegiaren adiera. Orduan azaldu nion nola "koadernoaren filosofia", "urban sketchers"ena alegia, klaseetara eramaten ahalegintzen naizela. Eta zerbait ikusi nahi zuenez marrazkiok atera nituen poltsotik, bertan baitoaz beti koadernoa bukatu arte."Fresko eta alaiak dira; bizipoza islatzen dute. Ez aldatu! Bilatu beti ikasleekin ez aspertzeko modua".

Guillotina festan, Donostian ospatu zen autoedizioari buruzko azokan. Bertara hurbildu nintzen nire "alter ego kudeatzaileak", Arte Bizkarra Kulturgintza, argitaratutako hiru liburuekin: 


Lankideak kurtso bukaerako ebaluazio saio ezberdinetan. Batzuetan badaukat zer esan, beste askotan nire ikasleak talde ezberdinetan sakabanatuta daude eta gehienei buruz ez daukat zer esatekorik. Tarte horietako batzuk profitatzen ditut marrazteko. Dagoeneko badaude nik lekua hartu arte eseritzen ez direnak, orri hauetan ez agertzeko, ez dakit zeinen beldur.




 Ikasleen azken azterketan (kurtsoko bakarra). Bikote honek egin du bakarrik. Batzuetan oso lehia absurduetan sartzen dira. Bigaren marrazkian ikasle baten prozedura hartu nuen kontuan. Plano handia aginduta ere berak oso tarte mugatua hartzen du marrazteko, pentsatuz holan lan gutxiago egin behar duela. Oso irudi interesgarriak lortzen ditu, oso ondo konposatuak, ia abstraktuak egiten dituen plano banaketekin. Ezinbestean gainditzen diot liluratzen baitzait gauza xumeak ondo egiteko daukan erreztasunagatik. Ez dakit denbora hobeto kudeatuko balu zelako emaitza lortuko zukeen.


Semearen musika eskolaren emanaldian.
Pintzel moduko errotulkiarekin frogak egiten, argi askorik gabe. Interesgarria.





Semea bera, Donostian, Casa Gandariasen gonbidatu baininduten Guillotinara joan ginenean, hondartzera garraiatzearen truke. Bapo bazkalduta, arratsaldeko saioa arin pasatu zitzaidan. Bigarrena, etxean, gosaldu bitartean eta hitz aspertu ederrean.

Bilboko taberna batean.
 

Etxeko artistaren ekarpena, ezin falta!

2014-06-25

De vuelta con el cuaderno

Hurrengo asteburuan Zaragozara itzuliko naiz, "De vuelta con el cuaderno" izeneko ikastaroa egitera. Hiri horretako Arte Eskolak antolatzen du, Clara Marta Moreno gidaritzapean. Jorge Arranz, Eduardo Salavisa, Luis Simões, Cristina Urdiales, Clara Nubiola, Javier de Blas irakasleak iragartzen ditu "Bidaia" ardatz duen ekitaldi honek. Ziur naiz beste parte hartzaileekin ere zer ikasteko aukera egongo dela. Gainera Alhama de Aragónera eramango gaituen trena hartuko dugu igandean eta bertan oso egitarau oparoa daukagu zain. Irrikitan nago Zárágózá berriro ikusteko, aurrekoan oso ondo hartu baininduten nire liburuekin komiki azokara hurbildu nintzenean.

2014-05-11

Eibar, beste begirada bat

Eibar aldera hurbildu nintzen Euskalherria's Sketchcrawl taldekideekin elkartzeko, Berreibar ekimenak luzatu zigun gonbidapena aprobetxatuz.
Gosaria prestatzen ari nintzen bitartean azeri bat ikusi nuen sukaldeko leihotik aurreko larrea zeharkatzen, eguneko lehenengo argi izpiek mendira itzultzeko ordua zela gogoratzen baitzioten. Egun aproposa izango zenaren seinale.
"Arkitektura-ondarearen etorkizunari buruzko gogoeta eragitea, bere baloreak zeintzuk diren argitu eta horiek nola babestu, nola birmoldatu ondare hau industria ez den beste erabileretara egokitzeko, zein irizpide jarraitu…" honetan dihardute armagintza ikur zeukan hiri honetan.
Nire aurrekariak ez ziren oso aldekoak.
Fakultateko ikaskide eibartarrak beti kontatzen zuen Moskun ba omen dagoela museo bat Eibarko maketa bat daukana, hiri bat gaizki garatuta zer den azaltzeko. Egia zein gezurra, kondaira honek beti baldintzatu du Eibarrekiko nire begirada.
Behin karrera bukatuta maketak eraikitzen zituen lantoki batean aritu nintzen garaian bailara horretako saihesbidearena egin zuen lankide batek. Ederra benetan, etxe bakoitzak, egur puska bat bihurtua, orografia horretan zutik irauteko egiten zituen ahaleginak oso nabarmen uzten zituen. Ez dakit non bukatuko zen baina ziur aski baliagarria izango zen begirada berri honetarako.
Beste behin oso harrera ona egin ziguten "Tira ta Floja" taldearekin Antzerki jardunaldietan parte hartu nuenean, bai Juan Ortegak zuzentzen duen taldeak bai umeek eta haien gurasoek: zenbat dantza eta barre Untzaga plazatik.
Hiri honetako laberintotik buelta pare bat eman eta gero aparkatu nuen. Oinez dena ikusten nuen hurbilago.
Matsaria eta Txonta eremuetatik ibili ginen, marrazten, hitz egiten eta hausnartzen. Nola lurzoru eskasiari bertikalean eman zioten erantzuna, nola garai batetik bestera eraldatzeko sena eta gaitasuna.
Deigarria nola nahasten diren lantegiak, lantokiak, etxebizitzak, jatorrizko natura eta eraikin huts/utzita horietan berez sortu dena, nahasketa eta nahasmena.
Entropian bezala, sistema baten ordenaren eta sisteman gertatzen diren eboluzioen kalitatearen berri ematen digute marrazkiok.
Bi tutu erabilita eskopeta bat egitetik hirugarrena gehitu eta bizikleta sortu. Nola pistola baten mekanismoa josteko makina batera.
"Entrediseños. Euskal industri diseinua" liburua eta erakusketa datozkit burura eta erdia inguru honetan sortutakoa da..
Eta horretan dihardute orain, ea nola berrasmatzen duten hiria, nola txeratzen duten bizitza hutsik dauden 700 lantokietan. Erlojuaren kontra ari dira kulturaren industriari aukerabat sortzeko asmoz.
Honek gogora ekarri zidan gertuko arkitekturarekin izandako burutazioak, jokoz kanpo geratu direnak.Turistaren begirada adibidezala Bihotzeko paisaiak Papelerari buruzkoak
edo "Multitxoko"arena, aintzineko Serrano papeleran.
Bazkaria, ohi bezala, edozein poltsikoren neurrira, oso oparoa: hitz-aspertuak, barreak, marrazkiak eta urte bateko programa: Iruñea, Ea, Donibane Garazi eta Balmaseda.
Arratsaldekoa laburra, pare bat marrazki Errepublika aldarrikatu zuen lehenengo balkoiaren aurrean (ekintza honekin hasi genituen historiako klaseak BUPeko 3. mailan), herria "historikoa" izan zitekeen gau baterako prestatzen (futbola) eta "historikoa" izango den egun baterako (Gure esku dago).
Bueltarako bidea laburragoa egin zitzaidan, Eibarri buruzko ikuspegia erabat aldatuta eta landare polit bat eskuetan.



2014-05-01

Lapurditik

Astebeteko oporrak emateko Lapurdi aukeratu genuen.  Kotxearen deposito bakarra hustuta, baina gorputzekoa egunero, ez baikara gelditu. Indarrak metatzeko uneak izan dira marrazteko aukerak sortu dizkidatenak.
 

 Etxeko artistak beti egiten du bere ekarpena.


2014-01-26

Nire lehenengo sketchscrawl eguna, Bilbon.

Urtarrilaren 25ean Bilbora hurbildu nintzen  Euskalerria's SketchCrawl taldearen deialdiarekin bat egiteko. Hau 42.a bazen ere, lehenengo aldiz batu nintzen mundu mailan ospatzen den jaialdi honetara.
Institutuko giltzak etxean utzita, goiz heldu nintzen Bilbo hotz, euritsu eta erdi hutsik batera. Bilboko Museoan geneukan hitzordua baina hango kafetegia ez dute zabaltzen museo berak ireki arte. Hurbilen topa nuen tabernan sartu nintzen eta lehenengo marrazkia egin nuen, kafe txarra bezain garestia hartzen nuen bitartean.
Hitzordu hamarretan zelakoan nengoenez, presaka itzuli pinakotekara, baina inor ez. Nire sarrera ateratzen nuen bitartean galdetu nien ea zerbait zekiten horri buruz: bai, taldea hamar eta erdietan egongo zen hantxe.
Lasaren lan bat neraman buruan, marrazteko aproposa izango zela pentsatzen bainuen. Jarri dioten kokapen berria ez du aukera handirik ematen. Eraikin zaharraren adreiluzko horma ez dio mesede egiten, ez koloreagatik, beretsua baitaukate, ezta proportzioengatik ere.
 Buelta azkarra eman nuen hainbat gelatik, askotan ikusi ditudan lanak berrikusi, burua oroitzapenez bete, batez ere  gure fakultateak merezi zituen hobekuntzen eske bertan eman genituen gauak.
Azkenean taldearekin egin nuen topo. Aurkezpena Edurne, Amaia,... izen gehiegi aldi berean nire memoriarako. Jarraian barrura Darío de Regoyosen erakusketara. Gabonetan ikusi nuenez, semearekin egindako bisita zoragarrian, zuzenean ekin nion marrazteari, Genoveva gidariaren azalpenak eta ibilbidea jarraituz. Ezagutu berriak nituen kideak agertzen dira baterea baleude bezala, nahiz eta banan banan marraztu nituen.


Hamabietarako alde egin nuen, semearen futbol taldearentzat egin nuen "pankarta" jartzera.
Partida bukatuta berriro Bilbora. Kafe Antzokiaren eszenatokian bazkaldu genuen. Luze hitz egiteko parada izan genuen kafea hartu arte. Gero elkar marrazteari ekin genion, mingaina gelditu gabe, hori bai!


 Bilbo, Iruñea, Bergara, Laudio, Busturia, leku ezberdinak genituen zain eta sakabanatzen hasi ginen, eguraldiak ez baitzuen ezertan laguntzen. Nafarrekin azken momenturaino egon nintzen etxera itzuli arte, berriro ateratzeko, Txusen etxean afaria baikenuen bere urtebetetzea beharrean geunden eta. Sketchcrawlen eguna bukatuta zegoen, baina Ameriketan jarraitzen zuenez bizirik, gaueko ordubietan egin nuen azken marrazki hau bilduma honetan sartzen dut.