Gosaria prestatzen ari nintzen bitartean azeri bat ikusi nuen sukaldeko leihotik aurreko larrea zeharkatzen, eguneko lehenengo argi izpiek mendira itzultzeko ordua zela gogoratzen baitzioten. Egun aproposa izango zenaren seinale.
"Arkitektura-ondarearen etorkizunari buruzko gogoeta eragitea, bere baloreak zeintzuk diren argitu eta horiek nola babestu, nola birmoldatu ondare hau industria ez den beste erabileretara egokitzeko, zein irizpide jarraitu…" honetan dihardute armagintza ikur zeukan hiri honetan.
Nire aurrekariak ez ziren oso aldekoak.
Fakultateko ikaskide eibartarrak beti kontatzen zuen Moskun ba omen dagoela museo bat Eibarko maketa bat daukana, hiri bat gaizki garatuta zer den azaltzeko. Egia zein gezurra, kondaira honek beti baldintzatu du Eibarrekiko nire begirada.
Behin karrera bukatuta maketak eraikitzen zituen lantoki batean aritu nintzen garaian bailara horretako saihesbidearena egin zuen lankide batek. Ederra benetan, etxe bakoitzak, egur puska bat bihurtua, orografia horretan zutik irauteko egiten zituen ahaleginak oso nabarmen uzten zituen. Ez dakit non bukatuko zen baina ziur aski baliagarria izango zen begirada berri honetarako.
Beste behin oso harrera ona egin ziguten "Tira ta Floja" taldearekin Antzerki jardunaldietan parte hartu nuenean, bai Juan Ortegak zuzentzen duen taldeak bai umeek eta haien gurasoek: zenbat dantza eta barre Untzaga plazatik.
Hiri honetako laberintotik buelta pare bat eman eta gero aparkatu nuen. Oinez dena ikusten nuen hurbilago.
Matsaria eta Txonta eremuetatik ibili ginen, marrazten, hitz egiten eta hausnartzen. Nola lurzoru eskasiari bertikalean eman zioten erantzuna, nola garai batetik bestera eraldatzeko sena eta gaitasuna.
Deigarria nola nahasten diren lantegiak, lantokiak, etxebizitzak, jatorrizko natura eta eraikin huts/utzita horietan berez sortu dena, nahasketa eta nahasmena.
Entropian bezala, sistema baten ordenaren eta sisteman gertatzen diren eboluzioen kalitatearen berri ematen digute marrazkiok.
Bi tutu erabilita eskopeta bat egitetik hirugarrena gehitu eta bizikleta sortu. Nola pistola baten mekanismoa josteko makina batera.
"Entrediseños. Euskal industri diseinua" liburua eta erakusketa datozkit burura eta erdia inguru honetan sortutakoa da..
Eta horretan dihardute orain, ea nola berrasmatzen duten hiria, nola txeratzen duten bizitza hutsik dauden 700 lantokietan. Erlojuaren kontra ari dira kulturaren industriari aukerabat sortzeko asmoz.
Honek gogora ekarri zidan gertuko arkitekturarekin izandako burutazioak, jokoz kanpo geratu direnak.Turistaren begirada adibidezala Bihotzeko paisaiak Papelerari buruzkoak
edo "Multitxoko"arena, aintzineko Serrano papeleran.
Bazkaria, ohi bezala, edozein poltsikoren neurrira, oso oparoa: hitz-aspertuak, barreak, marrazkiak eta urte bateko programa: Iruñea, Ea, Donibane Garazi eta Balmaseda.
Arratsaldekoa laburra, pare bat marrazki Errepublika aldarrikatu zuen lehenengo balkoiaren aurrean (ekintza honekin hasi genituen historiako klaseak BUPeko 3. mailan), herria "historikoa" izan zitekeen gau baterako prestatzen (futbola) eta "historikoa" izango den egun baterako (Gure esku dago).
Bueltarako bidea laburragoa egin zitzaidan, Eibarri buruzko ikuspegia erabat aldatuta eta landare polit bat eskuetan.
Cap comentari:
Publica un comentari a l'entrada