2012-05-03

Izenik gabeko izendegia

Soropilaren azpian igerilekua dago.

Badaukat zerbait esateko, badaukat zerbait argitaratuta eta badaukat zerbait esanda. Beti saiatu naiz nire erara eta ahal dela nik nahi dudanean egiten. Blog honetan sartzeko neukan arrazoia bada ateratzeko daukadan berbera. Ez dut inolako botorik erakarri nahi eta ez dut inolako botorik uxatu nahi. Hau idazten dudanean ez dut ezagutzen ez programarik ez proposamenik.
Hirigintzaz hausnartzen erreparatu diot kale izendegiari: maristak, irlandesas, paulinos… gazteak hezitzen. Izango da publikoan aritzen garenok funtzionario(gai)ak izanik alperrak, entxufatuak eta opor asko daukagunak garela. Eta diruaren truke baino ez garela mugitzen.
Eta paulinoekin oroitu naiz. Amamak gogor lan egin behar izan zuen aitite gaixotu zenean: haien arropak garbitu eta garbitu, eskuz eta ur hotzez, udan zein neguan sos batzuk etxera eramateko. Ez zioten inoiz kontraturik egin. Ordainean, erdi bihurriturik, artritiko eta artrosiko geratu zitzaizkion hatzamarrak. Baina ez zitzaion bihotza izoztu eta esku horiek maitasuna helarazi ziguten barra barra. “Zuek gora, ni behera” urtetan errepikatu zuen emakume handi horrek bai merezi zuela kale bat, inoiz ez baitzuen kale egin.
Paulinotarrak ordea ez zioten inoiz “paperik” sinatu, egindako lanek ez zion inolako eskubiderik sortu nere amamari. Hori bai, mezara joaten zenean beti ematen zioten bertan inprimaturiko “Familia cristiana” izeneko aldizkaria. Hori bai meritua!
2011ko apirilaren 5ean argitaratua.