2023-07-10

#Kolitzapetik 22


Bizkaiko Hitza. 2023/06/30

Gaztainondoaren adarraren lorean dago xoxoa, lainotuta dagoen paisaiari so. Ea nola antolatzen duen Kolitzapetik egiten duen bizitza. Goizeko printzek distira berezia ematen diote, inguruko erregea ez bada ere hori sentiarazten dion egoera da. Baina egunak aldakorrak dira, eta, goian dagoen moduan, lurretik buka ditzake orduak, zizareak jateko errazagoa baitu. Ondo daki eremu partekatuan bizi dela, espazioa ez duela berea, beste soinu batzuk atzematen baitira airean.

Inguruan badabil, erne, txepetxa, hegan egiten harrapatu baitezake mikak. Biak zain, ea noiz altxatuko duen hegaldia besteak. Denok garai honetako koloreak eta lurrinak dastatzen, forma eta jatorri ezberdinetako landareek inguratuta. Kasurako, Karrantzako institutuan egon nintzenean ekarritako izpilikua (fin eta min) eta erromeroa, baita ikasle baten amamak oparitutako betibizia.

Ipurtargiaren egunak dira ekaineko bukaeran bizi ditugunak, batzuk besteak baino argiagoak. Gauak laburragoak dira, eta San Joan bezperan suak pizten ditugu nonahi, bertara txarra den guztia botatzeko asmoz.

Horretan zaudela, irakurri duzu berripaper honetan Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Artzentales, Sopuerta eta Villaverde Turtziozko herritarrek ez dutela aukerarik autobus publikoan Balmasedako institutura joateko. Gurasoek ahalegin handia egin behar dute gazte hauen formakuntza ziurtatzeko. Bigarren mailako herritarrak bihurtuta. Derrigorrezkoa ez da izango, baina bai ezinbestekoa etorkizunaren aurrean prest egoteko. Zenbat geratzen da bazterrean aukera hori ezin duelako profitatu? Dekretuak irtenbidea jasotzen ez duen arren, mankomunitatean edo udaletan daudenen ardura da irtenbidea bilatzea. Hori ahalbidetzen duen Bizkaibusen ibilbidea —aldi berean, herriak saretzen dituena—jartzea ala gurasoek antolatutako autobusaren aurrekontua arintzea. Gutxienekoa da.

Pernando Amezketarraren astoa da zama horiek urtzen doana… Belakiekin bete beharko dugu boterearen zakua fidatu ez dadin.

Halakoetan egonik, behinola tokatu zitzaidan azterketa datorkit burura, nola ezagutzen ez nuen hitz bakar batek dena aldatu zuen, bere esanahirik gabe ez baitzegoen ulertzerik. Egun kontrakoa gertatzen zait: ulertzen ditudan gauza batzuetarako hitzik ez topatzea.

Pernando Amezketarraren ipuinean, asto protagonistak gainean garraiatzen zuen gatz karga belakiekin ordezkatu zioten, ura xurgatu eta zama arindu beharrean, pisu handiagoa izan eta lana bikoiztu eta biderkatu ziezaion. Hausnar dezatela egungoek zertan busti zama, etengabe bustitzen direnen zama arintzeko. Enkarterriko errealitate fisikoa ezin bada aldatu, neurriak egokitzea dagokie, publikoa benetako zerbitzua izateko, eta ez DBH egin eta gero herriak husten dituena.

Erregela bi gutxienez, eskalimetroaren egitura eta nahi duten eskalara baliatuz, ez dezaten pentsa ergelak garenik.