Haizearen osasuna . Bizkaiko Hitza. 2022/11/25
Aurten 22 urte bete dira Artzentalesera etorri nintzenetik. Bertora bizitzera etorri nintzenean egin nuen lehenengo aldaketa, erroldatzearekin batera, medikua aldatzea izan zen, herri txikietan behar direlako erabiltzaileak halako zerbitzuak mantentzeko. Argudio horrekin joan nintzaion azken garai hauetan artatu nauen medikuari, eta berak, ordea, ezetz, topera daudela! Udalerri honen ezaugarriek —batez besteko adina, etxebizitzen sakabanaketa eta etxeetara joan behar direnean horrek eskatzen duen denbora—, lan karga mardula sortzen die, eta ez dute denbora sobran. Are gehiago COVID-19aren pandemia osteko garai hauetan.
Oso egoera bertsuan dago Turtzioz. Errepidetik Villaverdek banatzen baditu ere, aspalditik lotuta daude bi udalerri txiki horiek Osakidetzaren egituran: mediku horietako batek huts egiten duenean, besteak artatu behar ditu hutsik geratzen den osasun etxeko pazienteak, askotan ez baitute ordezkorik bidaltzen. Baina ezinbesteko zerbitzua da bertan bizi garenontzat zein hona etorri nahi duenarentzat.
Azpiegitura horien ohiko erabiltzailea naizen heinean, aste honetan joan naiz odola ateratzera, nire errebisioa egiteko. Beldurraren eta mamuen aurretik, aldarrikapena pizten zait zerbitzu publiko honen, eta onen, alde. Euskaldunak, bide batez. Beldur handiagoa ematen du pentsatzeak hori galduko bagenu gure egoera zein izango litzatekeen, nola izango genituzkeen eskura minbizia gainditzeko ezinbesteko profesionalak, teknologia eta aurrerapenak.
Naturaren zaintzaren eta osasunaren arteko harremana kontuan hartu barik, modernitatearen haize berriak azken parrasta utzi du: Sopuertaren eta Artzentalesen artean egin nahi duten parke eolikoa.
Bertako ingurumena zaindu beharra dago, babestu, ahal den neurrian, industrializatzeak ez baitu inolako onurarik ekarriko bertako biztanleentzat. Neurrira egindako proiektuak behar dira, eta ez paisaiak daukan balio erantsia suntsituko dutenak. Kokapen eta neurri egokiak, giza eskala, eta ez beste batzuen eskaera aseezina. Urrun geratzen da Balmasedako institutuan piper egiten genuen garaia Integral aldizkaria irakurtzeko. Han agertzen ziren tramankuluak eta gailuak energia modu deszentralizatuan ikusten genituen aukera bezala.
Gizakiak eraldatu dituen eremu hauetan bizirautera ausartu diren basapiztientzat eta landarediarentzat arriskua larriagotu egin da, baita horrekin uztartuta doan guztia ere. Ohikoentzat ikusezina bada ere, kate trofikoan ezin da hutsunerik geratu, katastrofikoa baita. Urteetako erabilerek sortu duten paisaia eta onurak ezin dira xurgatu eukaliptoek ura xurgatzen duten bezala. Bestelako eskala, neurria eta abiadura eskatzen ditu egungo larrialdiak.
Helburu horrekin agertu diren lege berriarekin Enkarterriko udalen eskumenak higatu dituzte; boterearen gurpilak marruskatu ditu eta erraztu. Alperra da horretarako erabiltzen zen tramankulua, astoa aurretik jarrita.
Cap comentari:
Publica un comentari a l'entrada