2022-10-31

Kolitzapetik.05


Bizkaiko Hitza. Berria. 2022/10/28

Asteburua ziabogarekin etorri zaigu Kolitzapetik. Suak ematen dio zentzua putxerari, ezinbesteko energia egur ikatza erretzea lortzen baitu. Egunsentian pizten dituzte azkarrenek Balmasedan, San Xeberin Egunari argia eta beroa gehituz. Aurten 50. urteurrena betetzeko prestatuta zeukaten egitaraua. Hiribildua sutan ikusiko genuela iragartzen zigun irratian antolakuntzaren bozeramaileak, uhinetako amaraunetik bisitariak harrapatzeko, bertako kofradiaren izenean ohiko hizkera epikoa erabiliz.

Balmasedako lehiaketa adierazpenik gorena bada ere, Putxeraren Kofradia Artzentalesko Geltokiak hamaika urte daramatza “giza harremanetarako tramankulua” izaten, sukaldaritzatik haratago doana.

Zoritxarrez, Enkarterriko suteek eta haizeteek jai handia bertan behera utzi dute, jendea babestea jaiaren gainetik baitago. Putxera berriro pizteko egunak Zubi Zaharraren azpiko legarrak baino gehiago diren arren, amorrua metatu da kea hodeien artean bezala. Itolarria.

Plana zapuztuta, Zallara jo nuen, hurbileko turismorako erabiltzen dudan terrazara, orekaren bila, askotan nire bulegoa bilakatzen denera, marrazkiren bat lasaitasunez egiteko abarora. Entzuten dituzun elkarrizketak eta kafe bati ateratzen diozun zaporea dezibelikoa da. Arratsaldeko kafe orduan topatzen dituzunak bermuteoko berberak dira. Hala ere, orain hitz egiten dute terraza osorako, beraien elkarrizketetan sartzen zaituzte, urruntasun soziala mantentzen baduzu ere. Egokitu zaizkigun denborak guztionak izango balira bezala mintzatzen dira, kontuan hartu gabe egoera soziopolitiko zehatz batean sortu eta barreiatu zirela. Orain, nostalgiaren bitartez, itzuli dira musika bakarra balego bezala. Halaber, ez dira konturatzen hauek ere gure garaiak direla.

Hego haizearen zurrunbiloak gogoratzen dizu beste batzuetan egon direla halako egoerak Enkarterrin, dugun mendi eremuan garaitu den landarediak paisaia eraldatu baitzuen papergintzaren garaietatik. Azken urte hauetako hautuak ez dio onik egiten, eukaliptoaren zabalkundeak are larriagoa bihurtzen baitu egoera. Paisaiaren koloreak badu pentsatzen duguna baino eragin handiagoa, ez baita neutroa. Beldurra ematen du pentsatzeak zer gerta zitekeen magal horretatik jarraituko balu, eta zabortegia harrapatuko balu. Arbalitzatik Espaldasecarantz, Cadagua ibaia babesten duen mendilerrotik suak jarraitu ahal izan duela pentsatze hutsak artega jartzen gaitu. Zalla lurzorua hedatzen ari zela esaten genuen mende honetako lehenengo hamarkadan, bere baitan hartzen baitzituen Barakaldotik eta Sestaotik kendu zituzten kutsatutako lurrak. Hala ere, ez dira horiek izango lurperatutako gai arriskutsuenak. Beste Zaldibar bat daukagu alfonbrapean.

Kea saldu digute askotan Enkarterrin, eta ohituta gaude. Konbertserban gordetako elikagaiak bezala gaude edo oxigeno falta daukagu. Kedarra bihotzean, edozein kasutan.