Enkarfruta
Juantxu harategia
Ulanga arraindegia
Josuren despentsa.
Berrogeialdiko erosketen eta sukaldeko jardunaren kronika
grafikoa ikusgai egongo dira Zallako lau dendatan
Koadernotik erakusleihoetara egin dute salto Gorka
Belaskoren marrazkiek
Bapatekoa eta gordina da marrazkilari eta irakasle honek
paratu duen ekimena, zuzenean orritik kristalera, ikuslearen gozamenerako
Zallako lau dendetako erakusleiho izango dira Gorka
Belaskoren marrazkiak jasoko dituztenak ekainaren 26etik aurrerantz, kalera
begira jarriko duten erakusketa berezi batean Arte Bizkarra Kulturgintzaren
eskutik.
Berrogeialdiak iraun duen bitartean Ulanga arraindegia,
Juantxu harategia, Enkarfruta eta Josuren despentsa izan dira Belaskoren ohiko
ibilbidea hornitzeko. Guztietatik pasatu da koadernoa eskuetan zuela eta
marrazteari ekin dio zain egon den bitartean segurtasun neurriengatik sortzen
ziren iladetan. Gertuko eta ohiko saltzaileei erositakoak beste bizitza bat
hartzen zuen protagonista bilakatuta sukaldera heltzerakoan. Bertan modelo
ezinhobeak bilakatu dira arrainak, haragiak, frutak, ogiak eta bestelakoak,
jaki xumeena sabelerako zein begietarako kutixia bilakatuta.
Erakusketa freskoa eta gordina da Artzentalesko marrazkilari
eta irakasle honena, aldez aurretik prestatuta ez zegoena, halaber, marrazkiok
zuzenean pasatu dira banan-banan koadernotik euskarri zurrun batera kristalean
itsasteko bestelako moldaketarik jaso gabe. Ikusleak ulertu behar du berez ez
direla artelanak kronika grafiko baten isla baizik. Etorkizunerako oroimen
ariketa bat itxialdian bizi izandakoaren esparru baten oihartzuna.
Jarduera hau bere ikasleei proposatu zien Beurko institutuko
ikasleei, bertan marrazketa artistikoa irakasten baitu, lantzeko begirada aldi
berean, marrak bertan jarri baino lehen eta finkatu ondoren eskatzen duen
ariketa mentala indartzeko. Egoera berezi honetan bizipoza sortzeko
hausnarketarako tresna eta ikasleengan marrazteko grina pizteko akuilua.
Kontakizuna egiteko hitzak bilatzerakoan aitzakia ederra baita koadernoan egiten
den jarduna. Horrek laguntzen du mina leuntzeko eta ahanzturaren kontrako
edabea da gaztaroaren sukarra kudeatzeko.
Aldi berean aldarrikapen bat dago erakusketa prestatzearen
atzetik, kaleetatik barreiatzen diren denda txikien alde, gertuko elikagaiak
saltzen dituzten horien alde une latz eta zaurgarri honetan. Orokorrean hauek
izaten dituzten mozkinak hainbat kirol eta kultur jarduerak laguntzeko
erabiltzen baitira. Eremu handiko eta kate erraldoien aldeko erabaki politikoen
kontra, horien bitartez kinka larrian jartzen ari baitira errotutako denda
txikiak.
Belasko berarengandik sortu du erakusketa egiteko
proposamena, dendariek berehala onartu dutena aho batez, behin baino gehiagotan
ikusi baitute jardunean, hainbat alditan ikusteko irrikitan zeudelako zuzenean
ikusteko noizean behin sare sozialen bitartez egileak plazaratzen duena. Orain
saltokian bertan izango dituzte ikusgai 60 marrazki, publiko orokorrak
bezainbeste, asteko egun guztietan 24 ordutan, kalera begira egongo baitira.
Sareen bitartez urruneko lekuetara heldu dira, “like” bat
merkea izanik ere arrakasta txiki bat lortuz, baina orain oinezkoentzako
plazera bilakatuko da batetik bestera ibili beharko da guztiak ikusteko asmoa
badago bederen.
Sukaldaritza berria
Aspaldikoa da Gorka Belaskoren harremana sukaldaritzarekin.
Matrikulatu ez zuen arren “Euskal sukaldaritza berriaren ikuspegi eskultorikoa”
doktore tesia garatzen aritu zen XX. mendearen bukaeran doktoregoko ikastaroak
egin eta gero.
Putxeraren kofradia, Artzentalesko geltokia jarri zuen
martxan 2011an, Balmasedan sortu zen “giza harremanetarako gailu”
honi gorazarre egiteko, baita hausnarketak
zein burutazioak islatzeko ere, tresna ludiko bezala duen ahalmena goraipatuz
gastronomiatik haratago doazen ezaugarriak indartuz.
De vuelta con el cuaderno, Zaragozako Arte Eskolak 2015ean
Huescan antolatu zuen ikastaroan hartu zuen parte, Carme Ruscalledaren eta Ana
Luisa Frazao eta Urumoren irakaspenak jasotzen, koadernoa eta gastronomia
uztartzen zituen edizioan.
Euskal Herriko Hazien Sareak Zallako tipulari buruz garatzen
ari den ikerketaren aurkezpen publikoaren kronika grafiko egin du birritan
EnkarFest jaialdian. Baita lehenengo sektorearekin zerikusirik duten beste
ekimenetan, hala nola Arrietako azoka edo Itsamendi txakolinaren aurkezpena.
Ibilbide luzeko egilea.
Arte Ederrak ikasten ari zela “Enkarberriak.
Enkarterrrietako Aldizkaria” izan zen bere hausnarketarako marrazkiak
argitaratzeko lehenengo euskarria, 1990ean sortu zuen TILET izeneko tira
grafikoaren bitartez. Hilabetekari honek iraun zuen bitartean Enkarterriko
errealitateari begirada zorrotza eintzen zion, 1990 eta 1998 bitartean.
Hiru liburu argitaratu ditu Arte Bizkarra Kulturgintzaren
bitartez, testuak eta marrazkiak osotzen diren mezuak luzatuz. “Cuando el río
sueña. Escueto catálogo de peces gordos” (1992),
“Cuando el río sueña. Catálogo ampliado de
peces gordos” (2002) eta “Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen” (2008).
Komiki hedatua landu zuen garai batean bere marrazkiak eta
aldarriak euskarri ezberdinetan marraztuta: sukalderako oholak, magdalenak
egiteko moldeak, ateak…
Barnerako egunak
bigarren koadernoa da erakusketarako marrazkien iturria. Halako beste bi bete zituen Gorka Belaskok berrogeialdiak iraun zuen bitartean.