Ramón Lejardik antolatu zuen bere herrian 45. Sketchcrawla. Bizkaia zeharkatu nuen, Artzentalesetik Eara hurbiltzeko. Jarritako ordutik laurden bat pasatzen zenean heldu nintzen baina ordurako taldea sakabanatuta zegoen, marrazteari ekiteko. Duda barik Lekeitiorako errepidean dagoen zubian bertan jesarri nintzen lehenengo marrazkia egiteko, beste ezer baino lehen. Jesusen Andra Mari eliza aitzakia izan zen kolore apur bat sartzeko. Kolorea, daukadan borroketako bat!
Gero Josu eta Juan Mari ezagutu nituen inguru berberean aritu baikinen hirurak. Ibaiak itsasorantz hartzen duen norabidea hartu genuen hirurok, bigarren hitzordura garaiz heltzeko asmoz. Zubiaren beste aldera eta azpitik marrazteko ezin aproposagoa iruditu zitzaidan lekuan jarri. Horretan ari nintzela aita-semeak agertu ziren. Bi erreka batera marrazteko aukera ezin galdu, unea ere harrapatuz.
Hitz-aspertuari tarte bat eskeini eta gero moilan hartu nuen lekua. Txalupa batean zegoen gizona aproposa iruditu zitzaidan. Hasi orduko, baina, lehenengo lerroak paperean jarrita, mugitzen hasi zen! Gero eta gehiago, beste txalupa guztiak mugituz itsasoratzeko bidea irekitzeko ahaleginetan. Han utzi ninduen marinelak, begien aurrean nituen kulunkatzen ziren txalupa guztiak marraztera behartuta.
Bazkaltzera Zakilixut elkartera joan ginen. Ramonen familiak ongi atonduta topatu genuen jantokia. Goizean prestatu nuen patatazko tortilla atera atera. Beste tarte polita, beste marrazki baterako aukera.
.
Bilbotik egin nuen buelta. Bidaia laburra egin zitzaidan Jesús eta Kepa hurbildu bainituen eta hitz-aspertuan etorri ginenez konturatu orduko hiriburuaren bihotzean geunden. Semea marrazteko aukera txikia eta ezin pasatzen utzi gure ondoan zegoen musikaria, "esperantzara kondenaturik" dagoen berbera.
Nik ateratakoak facebooken dauzkat ikusgai. Busturialdeko hitzan agertu dira ere. Ramón Lejardik helarazi zizkienez bere izenarekin sinatu dituzte: ez dago arazorik. Izan daitezela sketchcrawl hau antolatzeko hartu duen lana eta arduraren ordaina eta eskertza.
1 comentari:
Egunaren laburpen bikaina egin duzu Gorka, eta zure marrazkiekin apainduta ezin obeto dago. Besarkada bat.
Publica un comentari a l'entrada