Urtarrilaren 25ean Bilbora hurbildu nintzen Euskalerria's SketchCrawl taldearen deialdiarekin bat egiteko. Hau 42.a bazen ere, lehenengo aldiz batu nintzen mundu mailan ospatzen den jaialdi honetara.
Institutuko giltzak etxean utzita, goiz heldu nintzen Bilbo hotz, euritsu eta erdi hutsik batera. Bilboko Museoan geneukan hitzordua baina hango kafetegia ez dute zabaltzen museo berak ireki arte. Hurbilen topa nuen tabernan sartu nintzen eta lehenengo marrazkia egin nuen, kafe txarra bezain garestia hartzen nuen bitartean.
Hitzordu hamarretan zelakoan nengoenez, presaka itzuli pinakotekara, baina inor ez. Nire sarrera ateratzen nuen bitartean galdetu nien ea zerbait zekiten horri buruz: bai, taldea hamar eta erdietan egongo zen hantxe.
Lasaren lan bat neraman buruan, marrazteko aproposa izango zela pentsatzen bainuen. Jarri dioten kokapen berria ez du aukera handirik ematen. Eraikin zaharraren adreiluzko horma ez dio mesede egiten, ez koloreagatik, beretsua baitaukate, ezta proportzioengatik ere.
Buelta azkarra eman nuen hainbat gelatik, askotan ikusi ditudan lanak berrikusi, burua oroitzapenez bete, batez ere gure fakultateak merezi zituen hobekuntzen eske bertan eman genituen gauak.
Azkenean taldearekin egin nuen topo. Aurkezpena Edurne, Amaia,... izen gehiegi aldi berean nire memoriarako. Jarraian barrura Darío de Regoyosen erakusketara. Gabonetan ikusi nuenez, semearekin egindako bisita zoragarrian, zuzenean ekin nion marrazteari, Genoveva gidariaren azalpenak eta ibilbidea jarraituz. Ezagutu berriak nituen kideak agertzen dira baterea baleude bezala, nahiz eta banan banan marraztu nituen.
Hamabietarako alde egin nuen, semearen futbol taldearentzat egin nuen "pankarta" jartzera.
Partida bukatuta berriro Bilbora. Kafe Antzokiaren eszenatokian bazkaldu genuen. Luze hitz egiteko parada izan genuen kafea hartu arte. Gero elkar marrazteari ekin genion, mingaina gelditu gabe, hori bai!
Bilbo, Iruñea, Bergara, Laudio, Busturia, leku ezberdinak genituen zain eta sakabanatzen hasi ginen, eguraldiak ez baitzuen ezertan laguntzen. Nafarrekin azken momenturaino egon nintzen etxera itzuli arte, berriro ateratzeko, Txusen etxean afaria baikenuen bere urtebetetzea beharrean geunden eta. Sketchcrawlen eguna bukatuta zegoen, baina Ameriketan jarraitzen zuenez bizirik, gaueko ordubietan egin nuen azken marrazki hau bilduma honetan sartzen dut.
Subscriure's a:
Comentaris del missatge (Atom)
1 comentari:
Zorionak! asko gustatzen zaizkit egindako marrazkiak eta eguneko kronika.
Ea hurrengoan ere horrelako taldea elkartzen garen! eta eguraldia pixkatxo bat hobea balitz...
Publica un comentari a l'entrada