2013-04-30

BasauriKomiken eman genuen eguna

BasauriKomikera joan nintzen aurreko igandean eta nire BeHIak atera nituen berriro paseatzera, aspaldiko partez. Oso publiko gutxi hurbildu zen arren giro onean eman genuen eguna. Aldi berean tarte asko izan nuen zuzeneko marrazkiak egiteko eta horien bitartez egunaren kronika osotzeko.

Hamabiak aldera ikusle batzuk metatu ziren Arizko Dorretxearen ganbaratik. Momentu batean Rober Garayk eraman zituen bere gonbidatuak beheko solairuan egin zuen aurkezpenera eta hutsik geratu zen.

Baten bat igo zen, argazkiak egitera. Gehienak  ez ziren itzuli eta nahiko modu bakartian eman genuen goizaren bukaera.
 Balkaltzera Bilboko Alde Zaharrera hurbildu nintzen, salda bero baten bila. Somera kaleko Bikandira itzuli nintzen, ikasle garaian askotan jaten baikenituen bertako bokatak.

 Berriro metroa hartu Arizeraino. Berriro kalean eta eguzkiak agurtu gintuen, eskertzekoa zena, inguruko mendi elurtuek giroa hozten baitzuten.
 Arratsaldeko saioan gehienok marrazteari ekin genion. Bisita urriak  partaideon lagunak eta familiakoak ziren gehienetan.
Hitz aspertuz hitz aspertuz bukatu genuen eguna, harreman berriak eginez.