2022-05-11

Erradiologia 12

Erradiologia 12
2022/05/010
Urduritasuna.
Artega dabil jendea Gurutzetako eremu hauetatik. Isiltasunak adierazten du barnetik urduri gaudela guztiok, bai terapia jasotzera hurbiltzen garenok baita laguntzera etortzen direnak.
Ziur aski ohiko bizitza egiten saiatzen gara hor gaudenok egunerokotasuna guztiz aldatuta daukagula dakigun arren. Agian ez daukagu gauza handirik elkarrekin baina elkartzen gaitu minbiziaren aurkako borrokan.

2022-05-10

Erradiologia 11

Erradiologia 11
2022/05/09
Dieta.
Txanda aldaketak ekarri dit berritasunaren bat. Dieta bat jarri didate, janari osasuntsuak gasa sortzen baitu nire barnean. Astean zehar, behintzat, agur esango diet barazkieei eta laboreei, agur garai honetako kutixiei. Lehentasunezko helburua da hori, horrek errezten baitu nire bonbardeoa, otsaileko egun hartan egin zidaten TACean bezala egon behar baitu nire gorputza barrutik une horretan. 
Beste alde batetik beste behin azaldu zidaten zein den zehazki haien helburua, eta oso oteizarena iruditu zitzaidan. Bertan ez dagoen prostataren lekua, eremua, espazioa baita. Bueltaren bat eman behar diot irudi poetikoagoa bilatzeko

2022-05-09

Erradiologia 10

Erradiologia 10
2022/05/06
Erdia.
Hamargarren saioarekin tratamenduaren erdira heldu naiz eta heltze hutsa lorpen handia iruditzen zait. 
Gainera artatzen nauena hasi zait euskaraz egiten. Artzentaleskoa izanik arraroa iruditu bazaio ere hurbiltasun puntu bat eman dit niri, unearen kudeaketa leunduz.
Behin etxean beste beste hausnarketa batzuetarako beta sortzen zait konturatzen naizenean nola dagoen gorputza, onartzen dudanean zer den mugiarazten nauena. Etzanda dudan eztanda bizipoza baino gehiago sortzen dit, arriskuan dauden jarduerei beste balio erantsi bat ematen badiet une honetan. Baita ondorioz isurtzen ditudan malkoei.

2022-05-07

Erradiologia 09

Erradiologia 09
2022/05/05
Tronboia.
Irristailuduna omen da aurrera eta atzera ibiltzen den tronboia, luzatuz eta uzkurtuz bere soinua doitzen duena. Holan sentitzen naiz batzuetan ohatilan etzan baino lehen, ea egun horretako nota egokia den. Gorputza barrutik mugitzen, barneko ariketa noraezean egiten, eta artatzen nauten adituen ahotsa tramankulu guztien soinuei gailendu zaio "oso ondo" batekin. Holan borobiltzen dutenean beste aldarte batekin noa etxera. Sinfonia ederra osatzen ari naiz.

2022-05-06

Erradiologia 08

Erradiologia 08
2022/05/04
Ondorioak.
Etxerako bidean dei bat jaso dut. Deia pertsonala bada ere, beste aldean dagoenaren kazetari senak albo ondorioengatik galdetzera bultzatzen du.
Ohi bezala hil zaitezkeela sinatzen duzu halakoetan. Hortik behera dena omen da hobekuntza. Hausnarketa horiek bilakatzen dira bururako bazka. Eskatologikoak ez direnak sexuarekin dute zerikusirik. Baina denak neurtzen dira ehunenekoetan... gertatzeko aukera behintzat! 
Nire eskuetan dagoen guztia egiten dudala esango nuke kasu honetan, saio guztiak bukatu arte bederen, tratamenduaren eragina neurtuko duten egunean hasiko bainaiz aztertzen zenbat letra gehitu. 
Momentuz, dena da ondo.

2022-05-05

Erradiologia 07

Erradiologia 07
2022/05/03
Geldoa.
Bolada honetan gehien nabaritzen dudana da dena geldo doala, bai denbora baita burua ere. Gauza gutxi egiteko denbora eta gai gutxi jorratzeko gaitasuna uzkurtuta.
Etzait iruditzen gogo falta denik, baina biorritmoa moteldu da eta urria da ganora. Ondorioz halako ezintasun bat kudeatzen dut egunero, medikuen aholkuak jarraitzen ditudan bitartean. Lana ahazteko eta pizgarriak diren ekimenei heltzeko agindu zidaten. Hala ere, ez dakit zein norabidetan nabilen hain likatsu sentitzen naizenean. Geldo bai, baina ez geldi!

2022-05-03

Erradiologia 06

Erradiologia 06
2022/05/02
Itzulera.
Astelehena izanik itzuli naiz gurpil-zoro honetara, baina dakit ez nagoela hasierako puntu berean. Agian amaigabeko torloju batean, ale bihi bat bezala igotzen zaituena berriro jausteko. 
Demagun kolpe txiki bakoitzak indartsuago egiten nauela, aurrerapausorik gabeko ibilbide horrek ataka estu honetatik urruntzen nauela. Itzultzen naiz eta bada toki bera. Neu naiz aldatzen dena.
Berriro nago bertan, idazten. Badira testu hauek irakurtzeko baliabide informatikoekin itzultzen dituztenak, nik jakin gabe heltzen zaiena zenbat duen zerikusirik nik idatzitakoarekin. Poetikoa omen da, sareetan jasotzen dudanean eta idaztera itzultzen naiz, itzuli gabe bada ere!