2025-05-02

Ñuak Enkarterriko tranbian

Ñuak Enkarterriko tranbian

Bart Ngorongoroko kraterreko ñuak bezala sartu dira mutil gazteek Enkarterriko tranbian Basurtuko geltokian. Harartino erdi hutsik joan zen bagoian aurreko erdialdea bete zuten arrapataka eta zalapartaka, haien ipurdia eroso finkatzeko bertan, “gizon” bezala dagokien lekua betetzen, tetris antzeko joko bat eginez. Baina desagertu barik, zoritxarrez.

Behin baretuta ostrukarena egiten hasi dira, zigarroak pizteko eta erretzeko makurtu baitira, holan ez genuela nabarituko pentsatuko balute bezala. Ohi denez, marrazten ari nintzen. Egoera profitatuz begietara begiratu ditudan baina honek inolako eraginik sortu ez duenez, txistuka hasi natzaie bi atzamar ahoan sartuta, artalde osoaren arreta nigana bideratuz. Beste bi hatzekin pare bat keinu egin diet hitzik ahoskatu gabe. Erretzearena eta artaziarena. Arren artean arrakastarik ez. Ez ulertzearekin batera beste joko bat hasi da beraientzak une honetan.

Sutan, baina ez naiz altxatu, 24 inguru baitziren guztiok ez badira berdin nahastu jokoan. Bitartean horietako bat hasi da oka egiten besteen “gozamenerako”, algaraka ospatu baitute. Txahala zoruan utzi eta gero komunera eraman dute ea holan barrenak husten zituen. Saltsa horretan “fume, fume bilakatu da haien gerla oihua. Gero eta tristeagoa egoera. Buruan beisboleko kapelaren azpitik sentitu duen potereaz, ergelenak hartu du batuta. Bilbotik nire parean etorri den beltzarekin sartu den arte. Supituan piztu naiz. Ozenki esan diot ahoa ixteko, ozenki eta nire bizkarrean neukan bagoiren beste erdi horretarako. Zorionez, une horretan hasi dira neska adinkide batzuk errieta egiten.

Disimulatzeko edo hasi dira “lo, lo, lo..”, eta beste aldarri futboleroak errepikatuz. Are ozenago oldartu natzaie berriro, ez estaltzeko haien jarrera lotsagarria Athleticaren ikur eta koloreekin, ez nahasteko horrekin eta, mesedez, hiru hitz baino gehiagoko esaldiak erabiltzeko. Bapatean, goia jo du baten erantzuna: “yo soy español” leloa abestu du. Bolumena ezin jeitsiz eta atzamarrekin kontatuz erantzun diot: Yo, bat; soy, bi, español, hiru. Aurpegiratu diot berresten ari zela nire hipotesia, ez direla gai hiru hitz baino gehiago daukan esaldia egiteko.

Bapatean komunekoa laguntzen ari omen zena, urrunetik, bota du argudio sakona. “Hau garraio publikoa da, eta ez dugu egin behar zuk nahi duzuna”. Lau hitzen langa gaindituta, bederen. Krater horretan neu nintzen sumendia. Publikoaren aldarrikapena atera zait modu pedagogikoan. Ba, horregatik, hain zuzen ere, publikoa delako, guztion onurako, zerbitzurako eta ez izorratzeko egiten ari zaren moduan. Bide batez gogoratu diet egon daitekela asma edo bestelako gaixotasunik daukan pertsona eta ezin dutela pozoitu barre batzuk sortzeagatik. Gainera, ez badute publikoa dena zaintzen popatik emango dietela 20 urte barru. Jai daukagula guztiok haiek ez badute hori ulertzen.

Zorionez Sodupek irentsi du ñu saldo bat. Dena den erretzeari ekin dio berriro geratu dena. Orduan bai. Orduan, sutan ere, zutik jarri naiz, in the river to the lost… eta baten izena erabili dut, kamisetan idatzita zeukan berbera, nagusienetako bat izateaz aparte bistaz ezagutzen dudalako. Berriro errepikatu diet besteon osasunaren garrantzia eta haien apetak ez daudela edozeren gainetik. Errepikatu diet zerbitzu publikoen defentsaren garrantzia. Eta, bide batez, esan diot beste bati jesarlekuak ez direla bere lorratzak jasotzeko. Ulertu duenez bere oinak kendu ditut, besoa jartzeko lekuan kokatuz. Errepikatu behar izan diodan arren azkenean zorua zapaldu du. Tarte batzuetan errepikatu dira nesken errietak eta argudioak. Argi utzi dute ez dela belaunaldien arteko borroka.

Unea aprobetxatu dut pasiloaren bukaeran kokatzeko, atetik hurbil, eta bertan geratu naiz begirale. Orduan bixiguen pareko elkarrizketa hasi da, stand up baten eszenatokian banengo bezala.

Nire semea ezagutzen duzu, ezta? galdetu diot zuzenean —  ba holan hasten denean esan zure lagunari isiltzeko.

Nik gauza bera esango nioke erantzun dit, Pentsatu nahi dut nire mezua helaraziko ziola.

Egun bat da! keja antzean bota du.

Eta zazpi, astebete!!

Eeeeh?

Zazpi egun astebete bat!! —

Aaaaah!!!

Lurre oinak jarri behar izan dituena zebait esan bazilatzeari buruz. Ez diot ondo aditu. Badaezpada argitu diot ez nautela bazilatu, saiatu badira ere. Bazilatzen nauenaren aurrean nik txapela kentzen dudala bere meritua aitortuz. Baina haiek oraindik asko ikasi behar dutela nire gainetik geratzeko.

Bide batez, aurpegiratu diet kejatzen direla ordu txikietan trenik ez dagoenean parrandatik bueltatzeko. Baina jarrera horiek ez dutela batere laguntzen hori eskatu behar denean.

Joer, ematen du tutoritza!!! — oinetara heldu zaio odola baina buruan tantarik ez.

Ba bai, irakaslea naiz… 31 urte daramatzat lanbide honetan, zer egingo diogu!! Atera zaidan lehenengoa.

Une horretarako bazituzten begiak telefonoetan jarrita, makurtuta. Tranpaldo batean sentitu naizenez une horietan aldarrikatu dut espektakulu hobea egiten nuela 90ko hamarkadan antzerkian aritzen nintzenean. Eta ordaintzen zidatela, gainera.

Hasperen bat sentitu dudanez argitu dut nire helburu bakarra une horretan Zallara lasaitasunez heltzea zela. Geltokitik ia batera egin dugun ibilbidean mutiko zintzoenaren planta egin dute., ez dakit bidaiaren eraginez ala probokatzeko, Carmen auzorantz atera direnen jarrera lotsagarria agerian utzi dute. Baina hori beste kapitulu baterako ematen du.

Autora  igo baino lehen, tarte txiki bat hartu dut Zallan urduritasuna jeitsi arte. Artega baina onik heldu naiz etxera. Sukaldean whatsappa irakurri dudan arte.

Aupa Gorka!!! Ausarta!!! Hiru txalo eta indarra adierazten duen besoa— lagun batek bidalia.

Eta hori? — nire harridura azaldu diot.

Hori komentatu dute Balmasedarako azken treneko bidaiariek.

Batez ere, kikilduta nengoen!!